Puntuak batzen hasi da Irudek Bidasoa Irun Asobal Ligan ere

2025/09/15
Caserio Ciudad Real taldearen kontra jokatutako partiduarekin eman zioten hasiera bidasotarrek Asobal Ligako denboraldiari, eta modu ezin hobean gainera. 32-25eko markagailuarekin, lehen garaipena eskuratu zuen Alex Mozasen taldeak eta denboraldiko lehen bi puntuak ere poltsikoratu zituzten.
Puntuak batzen hasi da Irudek Bidasoa Irun Asobal Ligan ere
Irudek Bidasoa Irun 32
25 Caserio Ciudad Real

Irudek Bidasoa Irunek Nexus Energia Asobal Ligako lehen bi puntuak eskuratu ditu. Pasa den ortziralean, irailaren 12an, eman zion hasiera Ligako denboraldiari, Artalekun, Caserio Ciudad Real taldearen kontra jokatutako neurketarekin. Europako Txapelketan lortutako garaipenek emandako indarrarekin ekin zioten partiduari eta horrela, Asobalen ere lehen bi puntuak eskuratzea lortu zuen talde bidasotarrak, 32-25eko emaitzarekin, garaipen zabala lortuz.

Bi zati desberdin ikusi ahal izan zituzten Artalekura hurbildu ziren zaleek. Lehen zatian nahiko parekatuak ibili ziren bi taldeak eta hartu-emanean aritu ziren lehen ordu erdi guztian zehar. Bidasoa aitzinetik ere ibili zen gehienetan, baina ezin izan zuen markagailuko tartea handitu. Gol bakarreko aldea lortu zuen gehienez ere. Caseriok ez zuen amore eman eta hurbiletik segitzen zion talde bidasotarrari. Bisitariak ere aitzinetik jarri ziren 20. minutuan eta alde hori areagotzen saiatu ziren, nahiz eta ez zuten lortu. Hala ere, lehen zatian Kuba atezainak egindako lan onari esker, aurkariak ezin izan zuen emaitza bereganatu eta berdinduta joan ziren bi taldeak atsedenaldira, 13-13koarekin. 

Bigarren zatian berriz, Bidasoak bere nagusitasuna erakutsi zuen hasieratik. 4-0eko partziala lortu zuten etxekoek lehen minutuetan eta alde hori deuseztaezina izan zen bisitarientzat. Kubak bere lan ona berretsi zuen bigarren ordu erdian ere eta bere atea zeharkatzea ezinezkoa izan zen Caseriorentzat. Hala ere, bikain aritu ziren erasoan aurkariak, 1-4ko partziala egitea lortu baitzuetan neurketa bukatzeko hamar minutu bertzerik gelditzen ez zirenean. Hau ez zen nahikoa izan Bidasoak zuen abantailari aitzin egiteko, bidasotarrek kontrolpean baitzuen dagoeneko partidua. Horrela, azken jokaldi bikainak eginda ere, 32-25eko emaitzarekin irabazi zuen talde irundarrak, Asobal Ligari hasiera ezin hobea emanda eta denboraldiko lehen bi puntuak ere poltsikoratuta. 

Heldu den asteburuan, kanpoan ariko da taldea. Hain zuzen ere, Angel Ximenez Puente Genil bisitatuko dute Alex Mozasen mutilek, larunbatean (irailaren 20an), 17:30ean.