Ramses Gil: “Alaves talde oso konpletoa da eta partidua zailduko du”

2025/11/21
Real Unionek Alaves B bisitatuko du igandean, azaroaren 23an, 12:00etan. Lehen Mailako taldearen filiala da eta horrek dakarren zailtasun guztiak izanen ditu asteburu honetako norgehiagokak. Hala ere, talde txuribeltza garaipen bat lortzetik dator eta horrek motibazioa eta gogoa piztuko die jokalariei, bertze hiru puntu poltsikoratzeko helburuari eusteko.
Ramses Gil: “Alaves talde oso konpletoa da eta partidua zailduko du”

Real Unionek Alaves B bisitatuko du igande honetan, azaroaren 23an, 12:00etan. Denboraldiko hamabigarren jardunaldia izanen jokatuko dute Gasteizen, Jose Luis Compañon zelaian. Gaur goizeko elurteek eragina izan dezakete berdegunearen egoeran, baina hala ere, hiru puntuak erdiesteko helburu garbiarekin bidaiatuko du talde txuribeltzak. Pasa den asteburuan Galen lortutako garaipenak indarra emanen die jokalariei, neurketari ahalik eta modu hoberenean aurre egiteko. 

Garaipen bat lortu ondotik, motibazio bereziarekin ekiten zaio lan asteri, eta hori gertatu zaie Real Uniongo jokalari eta teknikariei ere. Ramses Gil entrenatzaileak aipatu du, pasa den asteburuan, “emaitzak poztasuna ekarri” diola taldeari, “emaitza, joku eta sentsazio aldetik” ongi bukatu zutelako jardunaldia. Horri eutsiko diote igandeko neurketan ere, nahiz eta aitzinean filial oso gogor bat edukiko duten, Alaves: “Filial oso gogor bat da, futbolari onekin. Zelaia handia da, belar naturalarekin, eta horrek mesede eginen digu, baldin eta zelaia egoera onean badago. Hala ere, neurketa oso zail bat espero dugu. Taldeak filialek izaten duten erregistroak maneiatzen ditu, baita joku zuzenaren erregistroak ere. Talde oso konpletoa da eta partidua zailduko du”.

Gaur goizean elurraren azpian ernatu da Gasteiz, baita Alavesen zelaia ere. Garbitzen egon badira ere, asteburuan zehar egiten duen eguraldiaren zain egon beharko dira jokalariak. Badirudi eguraldiak hobera eginen duela eta beraz, zelaia ere egoera hobean izanen dela igandean. “Zelaia ahalik eta hobekien egon, orduan eta joku hobea zelairatuko dugu”, erran du Gilek. 

Hiru puntu eskuratu zituen pasa den asteburuan Real Unionek eta bostgarren postuan kokatu zen, 20 punturekin guztira. Alaves berriz, zortzigarren dago, 17 punturekin. Hala ere, guzti honek ez du ezer erran nahi, entrenatzaileak oroitarazi duenez, “oso parekatua egoten den maila da” Bigarren RFEF maila. “Ahalik eta goren egotea ona da”, baina oraindik goizegi dela ere azpimarratu du Gilek pozik egoteko. Puntuak batzea izanen da helburua, ahalik eta gehien, eta horretarako igandean joku hoberena zelairatzeko prest egonen dira txuribeltzak.