Ramses Gil: “Arriskua sortzen dute eta gola sartzeko erraztasuna ere badute”
Real Unionek Utebo jasoko du bihar, azaroaren 29an, Stadium Galen (18:00). Sailkapeneko liderra da momentu honetan Errioxako taldea eta bost puntuko aldea dute txuribeltzekin. Garaipena eskuratzea zaila izanen bada ere, irundarrek motibazioarekin eginen diote aitzin biharko jardunaldiari, azken asteburuan lortutako garaipenak indarra eman diolako taldeari erronka guztiak gainditu ahal izateko.
Ramses Gil “futbolari eta egutegiari” eskertu dio bere taldearen gaur egungo egoera. Pasa den jardunaldiko garaipenaren ondotik, talde txuribeltza sailkapeneko bostgarren postuan kokatu da, 21 punturekin, egoera ezin hobe honetan, liderra etxean jasotzea egokitu zaio, zaleei “ikuskizun ona” eskaintzeko. Utebok txuribeltzek baino bost puntu gehiago ditu eta dinamika onean datoz Stadium Galera. “Urte anitz daramatzate dinamika onean eta honek talde ona izatea eragiten die. Lehen RFEF Mailako taldea da eta liderrak dira euren meritu propioengatik. Jokalari onak dituzte eta logikoa da lehen postuan egotea”, Ramses Gil entrenatzaileak erran duenez. Guzti horrekin, “arriskua sortzen duen taldea” dela jakinarazi du Gilek eta beraz, golak ere “erraztasunez” sartzen dituztela.
Real Unioni dagokionez, pozik dago prestatzailea bajan zeuden zenbait jokalari berreskuratuko dituztelako biharko jardunaldirako. “Martin bueltatuko da, baita Manolo ere, eta taldea hobea izanen da beraz”, aitortu du. Horrez gain, Luca Sagalliren etorrera ere goraipatu du Gilek: “Ikusi beharko da ea baimena duen asteburuan jokatzeko. Ahala bada, zelaian egonen da. Berarekin talde hobea gara, maila goreneko baldintzak ditu eta momentu hoberenean dago. 30 urte ditu eta fisikoki ezin hobe dago. Honi duen esperientzia gehitu behar zaio. Berri ona da denentzat, gurekin entrenatu ondotik, Real Unionekin egoteko konpromisoa eta erabakia hartu izana”. Horrela, indarturik eta gogoz, ekinen dio biharko jardunaldiari talde txuribeltzak. Helburu nagusia, defentsan ongi egotea izanen da, bertze garaipen bat eskuratu ahal izateko eta sailkapenean gora egin ahal izateko.