Ramses Gil: “Astean zehar ongi entrenatu dugu”

2025/11/07
Real Unionek Basconia bisitatuko du igandean, azaroaren 9an, 17:00etan. Denboraldiko hamargarren jardunaldia jokatuko du talde txuribeltzak Athletic-eko harrobiko taldearen kontra. Filiala izanda, neurketa gogorra izanen dela aurreikusten dute tesikari eta jokalariak, baina orain artekoan kanpoko partiduetan ongi aritu dira eta hori errepikatzea espero dute denek.
Ramses Gil: “Astean zehar ongi entrenatu dugu”

Real Unionek Basconia bisitatuko du igandean, azaroaren 9an, 17:00etan. Athletic-eko harrobiko taldearen kontra lehiatuko dira txuribeltzak denboraldiko hamargarren jardunaldian eta partidu zaila izanen dela aurreikusten dute. Lehen maila ailegatzeko bidean dauden jokalariak izanen dituzte aurrez aurre Artunduaga zelaian, baina hala ere, ongi prestatuta zelairatuko dira bisitariak. 

Astean zehar “ongi entrenatu” dutela onartu du Ramses Gilek, Real Uniongo entrenatzaileak. Egun haizetsuak izan dira aste honetan eta horiek ere eragina izan dute txuribeltzen saioetan, baina moldatu dira asteroko lana aitzinera eramateko. Gilek oroitarazi du taldearen betebeharra “entxufatua” egotea dela eta partidu guztietara begira hori dela jokalarien betekizuna. “Jokalari guztiak garrantzitsuak dira eta denak prest egon behar dira asteburuko hamaikakoan sartzeko. Gero, taldearen edo partiduaren arabera, batzuk sartuko dira hamaikakoan edo bertze batzuk gutiago jokatuko dute, astean zehar egin duten lanaren arabera. Hori da talde bat izatea, denak prest egotea eta gero, dugunera egokitzea”, oroitarazi du entrenatzaileak. 

Igandeko partiduan arerio gogor bat izanen du Real Unionek aitzinean, Basconia, Athletic-eko filiala den taldea. Beñat Gaubeka jokalariak ere hori azpimarratu du jardunaldi honen aurreikuspena egiterakoan. “Athletic-eko jokalariak dira, nahiz eta oraindik asko falta zafen lehen taldean egoteko, baina bidean daude eta onak dira”, azaldu du. Horren aitzinean, talde txuribeltzaren lana “partidu ona” egitea izanen da puntuak etxera bueltan ekartzeko. Gaubekak oroitarazi du, orain artekoan, “kanpoan etxean baino hobeto” ari dela talde irundarra eta beraz, hori baliatuko dute igandean hiru puntuak poltsikoratzeko.