Ramses Gil: "Atzean ohoratu beharreko historia duen klub handi batera nator"
Pasa den ortzirale goizean, ekainaren 20ean, egin zen Stadium Galen Ramses Gil lehen taldeko entrenatzaile berriaren aurkezpen ofiziala. Segoviako teknikariak, Igor Emery Real Uniongo Administrazio Kontseiluko presidentearekin batera, "atzean ohoratu beharreko historia duen klub handi batera" datorrela aitortu du, eta horregatik beragatik, "pozik" dagoela.
Lehen taldeaz arduratzeko eskaintza nola izan zen azaldu zuen Gilek lehenik: "Klub batek deitzen dizunean, lehenik eta behin, zure buruak esan behar dizu hor ondo egongo zarela, ez baita erraza zure ohiko ingurunetik hain urrun entrenatzeko aukera izatea". Hala ere, erabakia erran hartu du entrenatzaileak, aitortu duenez, "Real Unionek transmititzen duenarekin, bere balioekin eta bere historiarekin erabat identifikatuta sentitzen naiz". hari horretik tiraka, entrenatzaile moduan nola den azaldu zuen Gilek: "Ez zait gustatzen nire buruaz hitz egitea, baina ulertzen dut, entrenatzaile gisa, klub batera joaten zarenean klubak zugandik zer nahi duen eta zaletuek zer nahi duten ezagutu behar duzula. Bide guztietatik saiatu behar gara transmititzeko gai den bloke bat sortzen".
Igor Emery Real Uniongo Administrazio Kontseiluko presidenteak adierazi duenez, "Gimnástica Segovianarekin lortu zuen igoeraren aurreko denboralditik ezagutzen genuen, eta askoz gehiago denboraldi honetan haien aurka jokatu eta euren taldeek transmititzen dutena ikusi ondoren". Emeryk gaineratu duenez, "hainbat elkarrizketa izan ondoren, ekainaren 3an berarekin elkartu ginen, eta bilera horretan eta ondoren izan ditugun beste batzuen ondorioz, denboraldi honetan Real Uniongo entrenatzailea izan behar zuela sinetsita geunden". Anekdota gisa, presidenteak kontatu zuen Gil Irunera hurbildu zela joan den asteburuan bere familiarekin, Real Uniongo entrenatzaile berria izango zela jakin ondoren eta horrek hemen egoteko bere gogoa berretsi zuen: "Futbolaren alde egin duen apustua eta hazten jarraitzeko duen ilusioa erakusten duten xehetasunak dira. Real Union talde irabazle bihurtzeko gosez dator".