Ramses Gil: “Bajak baditugu ere, ilusioz eta gogoz goaz Las Llanasera, partidu ona eginen dugunaren ziurtasunarekin”

2026/02/13
Real Unionek Sestao River bisitatuko du igande honetan, otsailaren 15ean, 17:30ean Las Llanas futbol zelaian. Sailkapeneko goiko postuetan dauden bi taldeen arteko lehia izanen da, eta beraz, borrokatua izanen dela aurreikusten du talde txuribeltzak. Baja batzuekin zelairatuko dira, baina Ramses Gilek dioenez, hori ez da oztopo izanen da gogoz arituko dira hiru puntuen bila.
Ramses Gil: “Bajak baditugu ere, ilusioz eta gogoz goaz Las Llanasera, partidu ona eginen dugunaren ziurtasunarekin”
Real Unionek Sestao River bisitatuko du igande honetan, otsailaren 15ean, 17:30ean Las Llanas futbol zelaian. Sailkapeneko goiko postuetan dauden bi taldeen arteko lehia izanen da, biak puntuen bila aterako dira eta beraz, ez da neurketa erraza izanen txuribeltzentzat, ezta etxekoentzat ere. Hala ere, Ramses Gilen taldea ilusioz eta gogoz dago puntuak irabazteko eta, azken asteetako helburu berari eusteko, lidergotza sendotzekoari. Ramses Gilek dio igandeko partidua “oso polita eta oso erakargarria izanen dela, jokalari, teknikari eta zaleentzat ere”. Izan ere, neurketa lehiatua izanen dela aurreikusten dute guztiek, sailkapeneko goiko postuetan dauden bi taldeen arteko norgehiagoka izaki. Bi taldeek ere helburu bera izanen dute asteburu honetan: puntuak irabazi eta gora egin Sestaokoek, lidergotzan sendotu txuribeltzek. Bien artean sei puntu bertzerik ez daude eta beraz, tartea handitzeko edo murrizteko aukera egonen da igandean Las Llanasen. Hain zuzen ere, zelaiaren “magia” azpimarratu nahi izan du baita ere entrenatzaileak, “bertze dimentsio bat duten partiduak” jokatzen baitira bertan. Horrekin guztiarekin “ilusioz eta gogoz” daude Real Uniongo jokalari eta teknikariak partidua jokatzeko. Gilek onartu du zenbait baja egonen dira bere taldeak, baina hori ez dela oztopo izanen: “Gure plantillaren kalitatea ikusita, niretzat lasaitasuna da bajaren bat edukitzea, deialdia osatzea errazagoa delako horrela”. Bajak izanda ere, gogoz eta ilusioz joanen dira guztiak Sestaora, ziurtasun osoa baituzte “partidu ona” eginen dutela eta asteburu honetan ere helburua lortuko dutela. Hiru puntu gehiagorekin, 47 batuko lituzke taldeak, zalantzarik gabe aurrerapausu garrantzitsu bat izanen litzatekeena.