Ramses Gil: “Bolada onean daude, gu ere, eta zalearentzat partidu ona izanen da”
2026/03/13
Real Unionek UD Logroñes bisitatuko du igandean, martxoaren 15ean, 17:00etan. Las Gaunas zelaian arituko da eta neurketa borrokatua eta jokatzeko polita izanen dela aurreikusi du Ramses Gil entrenatzaileak. Bi taldeek mailaz igotzeko helburua dute eta bolada onean daude beraz, garesti egonen da garaipena eta hiru puntuak lortzen dituen taldek ere aurrerapausu handia emanen du.
Real Unionek UD Logroñes bisitatuko du igandean, martxoaren 15ean, Las Gaunas zelaian (17:00). “Talde potentea eta bloke indartsua duena” dela azpimarratu du Ramses Gil entrenatzaileak eta dituan jokalari onak goraipatu ditu. Bolada onean dagoen taldea dela ere jakinarazi du Gilek eta txuribeltzen helburu bera duela aurtengoan, hain zuzen ere, mailaz igotzea. Horrela beraz, neurketa lehiatua izanen da igandekoa eta zaleentzat ere zirraragarria izanen dela aipatu du prestatzaileak. Izan ere, garesti egonen da garaipena, baina ongi jokatzen duenak eta hiru puntuak eskuratzen dituenak, anitz irabaziko du.
Azken boladan jokalari batzuk galdu badituzte ere, Gilek adierazi du “jokatzeko modu bera” dutela errioxarrek. Lehen itzuliko neurketa ekarri du gogora prestatzaileak, baina orduan eguraldi txarrak baldintzatuta, partidua gelditu eta berdinduta bukatu zuten bi taldeek. Horrela bada, oraingo honetan “desberdin” izanen da lehia, azkeneko hura ez baita adibide hoberena.
Las Gaunas zelaian jokatzea “gustoz” egiten den zerbait da entrenatzailearen hitzetan, eszenatoki hoberena baita bi taldeentzat nahi duten futbola egiteko eta zaleei eskaintzeko. 2026a hasi zenetik, Real Unionek ez du etxetik kanpo partidu bakar bat galdu eta horrek ere indarra ematen dio iganderako: “Edozein lekutan irabazi dezakezula sinesteak anitz laguntzen du. Gure eskutan dagoen guztia eginen dugu hori lortzeko”.
Bolada onean dago Irungo taldea eta pozik dago lidergotzan, bere buruan sinesten. Hala ere, futbola “oso aldakorra” dela ere onartu du Gilek eta, alde horretatik, zuhurtziaz jokatu nahi du entrenatzaileak, “aldaketak egon daitezkeelako”. Hala ere, dagokionenean ongi egindako ospatuko dutela ere azpimarratu du eta, alde horretatik, hiru puntuak poltsikoratzeko prest daude asteburu honetan ere.