Ramses Gil: “Derbi bat jokatzea beti da pizgarria, baina ez da erraza izanen eta hortaz kontziente gara”

2026/03/06
Real Unionek Beasain jasoko du Stadium Galen igandean, martxoaren 8an, elkarren kontrako derbi gipuzkoarra jokatzeko (17:00). Lidergotzan egoteak lasaitasuna ematen dio talde txuribeltzari, baina borrokan segitu behar dutela ere argitu du. Izan ere, denboraldiko azken txanpan sartuta, talde guztiak dira arriskutsuak eta guztiek dute irabazteko grina.
Ramses Gil: “Derbi bat jokatzea beti da pizgarria, baina ez da erraza izanen eta hortaz kontziente gara”
Real Unionek Beasain jasoko du igande honetan, martxoaren 8an, Stadium Galen (17:00). Elkarren kontrako derbi gipuzkoarra jokatuko dute eta, alde horretatik, pizgarria izanen da partidua jokalari eta teknikarientzat. Lidergotzan sendo segitzen du talde txuribeltzak, eta horrek lasaitasunez aritzea ahalbidetzen dio. Hala ere, borrokan segitu behar duela argi du eta asteburu honetako partidua ez dela erraza izanen ere onartu dute, puntuak beharrezkoak dituen talde baten bisita jasoko dutelako. “Neurketa zaila izanen da eta kontziente gara hortaz”, erran du Ramses Gil entrenatzaileak gaur goizeko prentsaurrekoan. Beasainen bisita jasoko du Real Unionek igande honetan, sailkapeneko beheko postuetan dagoen taldea, baina ez horregatik aurkari erraza. “Gaitasuna du gu baino gehiago izateko, baita min emateko ere. Joku zuzena du, baloiaren jabetza eta area okupatzeko gai da, mugikortasun handiarekin gainera. Sailkapeneko beheko aldean daude, baina ez da aurkari erraza”, gaineratu du Gilek. Derbi bat jokatzea beti da “pizgarria” entrenatzailearen ustez, baina honek bereziki arazoak planteatuko dituela ere argi du, “asko dagoelako jokoan denboraldiko azken txanpa honetan eta beraz, denboraldiko partidurik garrantzitsuena baldin bazen bezala eginen diote aurre”. Erronka honi aitzin egiteko, nahikoa gaitasun du Real Unionek ere, azken asteetan erakutsi duen moduan eta hori da buruan edukiko dutena igandean zelairatzerakoan. “Pozik gaude alde horretatik, lehiakorrak garelako maila honetan eta hori mantenduko dugu bukaera bitarte”, azpimarratu du Gilek.