Ramses Gil: “Gure zaleei partidu on bat eskaintzeko gogoz gaude”
Real Unionek Gernika jasoko du Stadium Galen igandean, azaroaren 2an, denboraldiko bederatzigarren jardunaldia jokatzeko (17:00). Eibarren kontrako partiduan hiru puntuak erdietsi ondotik, gogoz dago talde txuribeltza etxeko partidu honetan gauza bera egiteko. Hala ere, ez da erraza izanen. Izan ere, bizkaitarrek azken lau partiduak irabazi dituzte eta horietatik hiruetan ez dute golik jaso.
Eibarren kontrako garaipena positibotzat jo du Ramses Gil entrenatzaileak, batez ere aurreko asteburuko porrotari buelta emateko. Sentsazioak ere onak izan ziren txuribeltzentzat eta hori bera baliatu nahi dute orain Galen irabazteko. Gernika izanen dute hurrengo aurkaria eta honek ez dituela gauzak erraz jarriko ere argi du Gilek: “Azken hilabete eta erdian maila altuenean aritu da taldea. Futbol desberdin bat proposatzen du beti eta ongi jokatzen du. Hiru aste darama golik jaso gabe eta talde oso ona da”.
Honen aitzinean, Real Unionek argi eduki behar du bere lana zein izanen den. “Euren jokora egokitu beharko gara eta inteligentziarekin jokatu. Sufriarazi behar diegu”, aipatu du entrenatzaileak. Horrez gain, ongi ikertu dute taldea aste honetan zehar eta hori ere baliagarria izanen da garaipena eskuratzeko saiakeran: “Beraien jokoa ongi ikertuta eta gure lana ongi eginda, min egin diezaiekegu”.
Zelaiaren baldintzak ere Real Unionen aldekoak izaten ahal dire uste du Gilek: “Klima ona izan dugu aste honetan eta ea euriak ere errespetatzen gaituen, zelaia baldintza onetan egoteko”. Edonola ere, aitzin eginen diote asteburuko erronka honi, batez ere zaleei euren “sakrifizioa, konpromezua eta agresibitatea” erakusteko. Honez gain, etxean irabazi ezinaren “arantza” kendu nahi du Irungo taldeak eta gogoz dago partidu honetan garaipena lortzeko.
 
            
         
            