Ramses Gil: “Horrelako derbiek motibazio desberdina eragiten diete jokalariei eta pozik gaude jokatu ahal izateagatik”
Real Unionek bihar, irailaren 27an, jokatuko du Bigarren RFEF Mailako laugarren jardunaldia. Horretarako Beasain taldea bisitatuko du, 16:30ean. Emaitza negatiboen dinamikan sartuta dago aurkaria, ez baitu oraindik puntu bakar bat ere irabazi. Hala ere, horrek ez du isladatzen gipuzkoarrek egindako lana eta beraz, txuribeltzak ere argi ibili beharko dira bertan garaipena eskuratzeko. Derbia jokatuko da beraz, Loinaz zelaian, eta horrek motibazio berezia ematen die jokalariei ere, neurketa bereziak direlako, kirol arlotik haratago doan erranahiarekin.
Derbirako prest dago Real Union. Ramses Gil entrenatzaileak erran bezala, jokalari guztiak eskuragarri daude asteburu honetarako: “Ez dugu bajarik, ez lesioagatik, ez zigorrengatik ere, eta hori albiste oso ona da”. Hala ere, prestatzaileari berari lana zailtzen zaio honela eta erabakiak hartzea ere gogorra dela onartu du: “Egia da zaila dela baita ere erabakiak hartzea denak prest daudenean. Batzuk deialditik kanpo utzi behar dituzu eta ez da samurra”. Jokalariak gainera, gogoz daude derbia jokatzeko, “motibazio bikoitza” dutelako bertze gipuzkoar talde baten kontra lehiatzeko. Gilek azpimarratu du “horrelako klasioek kirol arlotik harago doan erranahia” dutela eta beraz, “pozik” daudela partidu hau jokatzeko.
Beasain sailkapeneko azken postuan dago kokatuta momentu honetan, 0 punturekin, ez baitu orain arte neurketa bakar bat irabazi edo berdindu. Entrenatzaileak aipatu duenez, honek “ez du isladatzen denboraldiko lehen hiru neurketa hauetan egin duten lana”. Izan ere, berdintzeko puntuan egon ziren Ejearen kontra eta, pasa den asteburuan ere, Amorebietaren kontra lan egon egin zuten. Edonola ere, “dinamika zail” batean dago taldea eta “hortik ateratzea gogorra” dela ere onartu du Gilek. Horregatik beragatik, eta jakin badakitelako Beasain talde ona dela, “orain artean erakutsi dugun konzentrazio mailarik handiena” erakutsi behar dutela segurtatu du prestatzaileak. Modu horretan soilik garaitu ahalko dutelako aurkaria.
Loinaz zelaiaz ere mintzatu da entrenatzailea, belar artifizialean aritzen delako Beasain, eta Real Union ez dagoelako hortara guztiz ohitua. Gainera, zelaiaren tamaina ere txikiagoa da Galen konparatuta. Gilek argi du hori ezin dela aitzakia izan: “Guretzat ez da sorpresa Loinaz zelaian aritzea. Gure anexoaren tamaina bera du eta gainera, belar artifizial hobearekin. Baldintza onak edukiko ditu zelaiak futbolean jokatzeko eta beraz, hori ez da aitzakia bat izango guretzat”.
Horrela, indarrez eta motibazioarekin eginen diote aitzin txuribeltzek bihar, 16:30ean, Beasain taldeari. Real Unionek bere dinamika onarekin segitu nahiko du eta puntuak poltsikoratu, baina aurrean bolada txarra irauli nahi duen aurkaria izanen du, denboraldiko lehen puntuak eskuratu nahiko dituena, etxean gainera.