Ramses Gil: “Ilusioz gaude sentsazio onak berreskuratu eta berdegunean erakusteko”
Real Unionek denboraldiko bigarren jardunaldia jokatuko du asteburu honetan Stadium Galen. Etxean eta zaleen aitzinean arituko den lehen aldia izanen da eta, pasa den asteako garaipenaren ondotik, taldea prest dago bertze hiru puntu batzeko sailkapenera. Neurketa igandean ospatuko da, irailaren 14an, 18:00etan.
Denboraldiko lehen neurketak beti dira bereziak eta horrela onartu du Ramses Gil entrenatzaileak ere: “Lehen partidua beti da berezia. 5-6 astez lanean aritzen zara eta antsietatez jokatzen duzu”. Hala ere, Real Unionek garaipena eskuratu zuen pasa den asteburuan, Amorebietaren kontra, eta horregatik beragatik “sentsazio onak” ditu taldeak. Honek motibazioa dakar, baita “aurredenboraldiko lana berrestea” ere.
Garaipen bat lortu ondotik, taldeak astean zehar lan ona egin duela ere argitu du Gilek: “Lana oso ona izan da aste honetan. Lasaia izan da astea eta jokalari gehiago ditugu ere eskuragarri, partiduaren dinamikan sartzeko prest. Gogoz gaude eta espektatiba handiak ditugu Galen jokatzeko eta partidu hau jokatzeko”. Denboraldiko lehen partidua etxean izanen da txuribeltzentzat eta Tudelano izanen dute aitzinean hitzordu garrantzitsu horretan. Aurkariari dagokionez, “gauzak ongi egiten ari” dela azpimarratu du entrenatzaileak. “Lehen partiduan ongi jokatu zuen eta talentu handiko jokalariak ditu. Igandeko partidua beraz, neurketa polita izanen da eta hori da gure planteamendua ere, zaleei ikuskizun ederra eskaintzea”.
Irungo taldea gogoz dago beraz, Stadium Galen aritzeko. “Iluzioa gaude jeitsierarekin galdu ziren sentsazio onak berreskuratzeko eta hori bera berdegunean erakusteko”, aipatu du Ramses Gilek. Zaleak ere bertan izanen dira taldea babesteko eta animatzeko eta hori beti lagungarri izaten da, zaleen eta jokalarien arteko lotura indartzeko.