Ramses Gil: “Mutilveraren eskakizun fisikoa berdindu beharko dugu”

2025/09/19
Real Unionek Mutilvera jasoko du bihar, irailaren 20an, Galen (19:00). Bigarren asteburuz jarraian etxean jokatuko du Ramses Gilen taldeak eta zaleen berotasunaz gozatu ahal izanen du berriz. Lehen bi jardunaldietan hiru puntu batu ditu dagoeneko eta bertze hiruren bila zelairatuko da hirugarrenean ere, denboraldia modu beretsuan hasi duen nafar taldearen kontra.
Ramses Gil: “Mutilveraren eskakizun fisikoa berdindu beharko dugu”
Barbara Duarte

Real Unionek Bigarren RFEF mailako hirugarren jardunaldia jokatuko du asteburu honetan Mutilveraren kontra. Etxean jokatuko du berriz ere talde txuribeltzak, Stadium Galen, eta partidua bihar ospatuko da, irailaren 20an, 19:00etan. Dagoeneko hiru puntu batu dituzte Ramses Gilen mutilek bi jardunaldietan eta dinamika honekin segitu nahi du aitzinera begira ere. Hala ere, entrenatzaileak onartu duenez, aurkariak ez dio erraz jarriko hiru puntuak eskuratzea. 

Astelehenetik begiz jota du Real Unionek biharko partidua. Ramses Gilek aipatu bezala, “maila honetan ez da atsedenik. Talde guztiak lehiakorrak dira eta arriskutsuak”. Horren harira, entrenatzaileak onartu du bere taldea berezia denik pentsatzeari uko egiten diola eta horregatik beragatik, “etxeko partiduak aprobetxatu behar” dituztela, “neurketa ez baita erraza izanen”. 

Mutilvera jasoko du talde txuribeltzak etxean, “talde gaztea, ofentsiboki ongi aritzen dena eta golak egiteko baliabideak dituena”. Denboraldia modu onean hasi dute nafarrek ere, berdinketa eta garaipen banarekin. “Ejean lan ona egin zuen taldeak eta, pasa den asteburuan, garaipena lortu zuen etxean. Honek argi uzten du talde ona dela”, gaineratu du Gilek. Honi aitzin egiteko, Real Unionek aurkariaren eskakizun fisikoa berdindu beharko duela argi du prestatzaileak. Gakoa beraz, defentsan egonen da txuribeltzentzat, eta horrek euren alde jokatuko du, orain arte erakutsitakoaren arabera: “Defentsiboki taldeak lan ona egin du orain arte eta arrisku guti sortu digute aurkariek. Taldea ongi erantzuten ari da eta hori lehen partiduetan ikusi ahal izan dugu”. Hobetzeko ere badu Real Unionek, Gilen iritziz, batez ere “arintasunean eta gol aukera garbia sortzean” egin nahi dute indarra. 

Hori guztia egiteko aukera berria izanen dute beraz, biharkoa. Mutilveraren kontra, etxean, ariko da Real Union, 19:00etan. Zaleak izanen ditu ondoan eta hori bere berezia da taldearentzat, euren babesa ezinbertzekoa delako indarrez eta gogoz ekiteko neurketa berri bati.