Ramses Gil: “Neurketa gure interesetara hurbiltzen saiatu beharko gara, aurkaria ez baita erraza izanen”
Real Unionek bihar, urtarrilaren 17an, jasoko du Stadium Galen Baskonia taldea (18:00). Bigarren itzuliko bigarren jardunaldia izanen da eta helburu berarekin segituko du Ramses Gilen taldeak: lidergotzan sendotzea. Azken asteetako bolada onari segida emanez, aurkariaren berezitasunetara egokitu beharko da talde txuribeltza eta horiei aitzin egin, etxeko jokamoldea zelairatuz eta bisitariei deserosotasuna eraginez.
Neurketa zaila izanen dela badaki Real Unionek, ez baitu nolanahiko aurkaria izanen bihar Stadium Galen. Ramses Gilen entrenatzaileak gaurko prentsaurrekoan erran duenez, “ez da partidu erraza izanen eta horrek egiten du erakargarri kategoria hau, talde eta modelo desberdinak dituela. Baskoniak ezaugarri definituak ditu, talentu handia duten jokalariak eta gainera, bolada onean datoz”. Honi aitzin egin beharko dio talde irundarrak eta horretarako, “jakinaren gainean” egon behar direla aitortu du Gilek, “jokoa gure interesetara hurbiltzeko helburua lortzeko”. Bihar zelairatu beharreko jokoaren harira, hain zuzen ere, entrenatzaileak azpimarratu du “estilo desberdinak” dituzten bi talde izanen direla aurrez aurre eta txuribeltzen erronka bisitariak “deseroso sentitzea” izanen da, “partidua ez dela eurena sentiaraztea” alegia. Horrez gain, baloia irundarren hanketan mantentzea nahi dute eta hortan arituko dira buru-belarri.
Larunbat honetako partiduan, zaleen babesa ere ezinbertzekoa dela azpimarratu du prestatzaileak: “Gustatuko litzaiguke zelaia goraino betea egotea. Oraindik ez dugu lortu horrela izatea, baina partidu bakoitzean nahitaezkoak dira zaleak, baita beraiek ematen diguten babesa ere. Hori dagoeneko lortu dugu eta gehiago lortzen badugu, hobe. Guk eurengatik jokatzen dugu, eurek entretenitzeko eta gugatik harro sentitzeko. Alde horretatik, Irun lotzen den hiria da”.
Orain arteko bolada onari segida emanen dio Real Unionek biharkoan, egunez egun saiatuko baitira hori mantentzen, entrenamendu eta partidu bakoitzean. Gilen eskaera bakarra “lesionatuak berreskuratzea eta ahalik eta ustebake gutien edukitzea” izanen da, gaurtik denboraldia bukatu bitarte.