Ramses Gil: “Partidu deseroso eta zaila izanen da, baina zaleak bertan egotea pozgarria da”

2026/02/27
Real Unionek Mutilvera bisitatuko du bihar, otsailaren 28an, 16:30ean. Jeitsiera postuetan dago talde nafarra, eta horregatik beragatik, arriskutsua izan daitekeen aurkaria da. Puntuak behar ditu eta bere etxean jokatzeak mesede eginen diola argi du talde txuribeltzak. Hala ere, euren jokoa zelairatzeko prest dago Ramses Gilen taldea eta zaleak ere izanen ditu lagun bihar Mutiloan.
Ramses Gil: “Partidu deseroso eta zaila izanen da, baina zaleak bertan egotea pozgarria da”
Real Unionek Mutilvera bisitatuko du bihar, otsailaren 28an, 16:30ean. Neurketa deseroso bat izanen dela argi du Ramses Gil entrenatzaileak eta hori kontuan hartuta, gogoz eginen diote aurre erronkari. Partidua Mutiloan jokatuta, zaleak ere bertan izanen da txuribeltzak animatzen, beraz babes hori ere eskertu nahi izan du prestatzaileak, pozez eta motibazioarekin zelairatuko direlako jokalariak honela. Mutilvera ongi jokatzen ari den taldea dela azpimarratu du Ramses Gil entrenatzaileak. Jeitsiera postuetan dago talde nafarra eta hortik ateratzeko, etxeko partiduetan hobetu behar duela ere adierazi du Gilek, nahiz eta ziur dagoen bihar hori egiteko gai izanen dela. “Neurketa zaila izanen da eta horrela egin beharko diogu aurre”, gaineratu du. Nafarrek euren joko propioa dutela aipatu du entrenatzaileak eta dituen baldintzak ikusita, ausartu den taldea dela ere onartu du: “Bigarren Federazioa zaila da eta beraien joku modeloa zein den ikusita, asko arriskatzen duen taldea da. Protagonismoa bilatzen dute baloiarekin eta lortu egiten dute ere. Gainera, belar artifizialean aritzen dira”. Hau kontuan hartuta, Real Unionek “erramintak” behar ditu aurkariari aitzin egiteko. Partidua prestatu eta ahalik eta hoberen arituko direla jakinarazi du Gilek eta defentsan, azken asteetan bezala, “oldarkor” aritu beharko direla, nahiz eta “kontu handiagoarekin”, azken jardunaldietan jasotako txartelek eta kanporaketek eragin gehiago izan ez dezaten. Guzti hau egiteko gai izanen direla argi dute jokalari eta teknikariek eta zaleen babesarekin lortuko dutela ere badakite. Mutiloa hurbil egonda, zaleak autobusez hurbilduko dira partidua ikusi eta txuribeltzak animatzera. Ramses Gilek erran bezala, “hori lagungarria izanen da taldearentzat. Poztasun handia eta motibazioa ere bada zaleak bertan ikustea”.