Ramses Gil: “Talde ona da eta errespetua zor diogu”
Real Unionek Deportivo Aragon jasoko du igandean, abenduaren 14an, 17:00etan Stadium Galen. Denboraldiko hamabostgarren jardunaldia izanen da eta momentu onean dator etxeko partidu hau txuribeltzentzat, azken asteburuan lortutako garaipenak lagunduta. Hala ere, neurketa arriskutsua izan daiteke igandekoa, sailkapeneko jeitsiera postuetan kokatua dagoen taldea etorriko delako Galera, puntuen beharretan dagoena hain zuzen ere. Borrokatzeko prest etorriko dira beraz, Aragoikoak eta pres egon beharko da horretarako Ramses Gilen taldea.
Goiko postuetan edo behekoetan egon, Real Unionek berdin prestatzen ditu asteburuetako partidua, Ramses Gil entrenatzaileak argitu duenez. Izan ere, jeitsiera postuetan egoteak maila honetan ez du ezer erran nahi eta horren adierazle da Deportivo Aragonen kasua, asteburu honetan Galen egonen den aurkariarena alegia. “Maila honetako talde guztiak bezala, Deportivo Aragon talde ona da eta errespetua zor diogu”, dio Gilek. “Talde dinamikoa” dela ere gaineratu du eta “futbol konbinatua”-ren zalea. Txuribeltzak zein joku proposatuko duen asmatzen saiatu dira astean zehar eta aukera guztiak probatu ahal izan ditu igandean Galen edozeini aitzin egin ahal izateko.
Pasa den asteburuan lortutako garaipenak lagunduta, gogoz eta motibaturik dude Real Uniongo jokalariak Galen dena emateko. Alfaron ikusi ahal izan zuten “burua hotz mantentzeak” ongi egiten diola taldeari, egoera kaskarrei buelta eman eta partiduak irabazteko. Ideia berarekin eginen diote aurre beraz, Deportivo Aragoni ere. Azken asteetako bolada ona etxekoen alde egonen da, baita zelaiaren egoera ere. Berdegunea “egoera ia perfektuan” dagoela ziurtatu du entrenatzaileak eta horrek joku konbinatiboa erraztuko duela. Horrez gain, jokalariak eurengan “autoestima eta konfiantza” berreskuratu dutela ikusi du Gilek eta horrek ere eragin positiboa izanen duela igandean Galen, zaleen aitzinean, jardunaldiko hiru puntuak poltsikoratzeko helburuan.