Ramses Gil: “UD Logroñesek maila altuko jokalariak ditu eta desiratzen nago hoberena zen den ikusteko”

2025/10/03
Real Unionek UD Logroñes jasoko du bihar, urriaren 4n, 19:00etan Galen, denboraldiko bostgarren jardunaldia jokatzeko. Aurkaria sailkapeneko bigarren postuan ailegatuko da Irunera, bederatzi punturekin guztira. Porrot bat eta hiru garaipen batu ditu orain artekoan. Hala ere, talde txuribeltza egoera beretsuan dago, sailkapeneko laugarren postuan kokatuta, zortzi punturekin eta bina berdinketa eta garaipenekin. Zaleek beraz, neurketa borrokatua eta polita ikusteko aukera izanen dute Galen.
Ramses Gil: “UD Logroñesek maila altuko jokalariak ditu eta desiratzen nago hoberena zen den ikusteko”

Real Unionek Bigarren RFEF mailako bostgarren jardunaldia jokatuko du bihar, urriaren 4an, Galen (19:00). UD Logroñes jasoko du horretarako talde txuribeltzak, neurketa parekatu eta gogorra jokatzeko. Bi taldeek ere goragoko mailak ezagutu dituzte azken urteetan eta denboraldi honetan ere gora begira daude. Dagoeneko sailkapeneko goiko postuetan kokatzea lortu dute lehen jardunaldietan eta dinamika horretan segitzea izanen dute helburu asteburu honetan ere. 

Ramses Gil entrenatzaileak onartu du “partidu motibagarria” izanen dela larunbat honetakoa. “Izenez gorago egon garen bi talde gara eta historia duguna. Orainean gaude aldiz, baina gorago egoten ere saiatuko gara. Bostgarren jardunaldian gaude eta neurketa hau polita da zaleentzat”, gaineratu du Gilek. Momentu honetan sailkapenak goian kokatu ditu bi taldeak: errioxarrak bigarren daude, bederatzi punturekin, eta gipuzkoarrak laugarren, zortzirekin. Hori da prestatzaile irundarrak nahi duena ere, “lehiaketak berak kokatzea taldea faborito gisa”. 

Larunbateko jardunaldia beraz, borrokatua eta parekatua izatea aurreikusi du entrenatzaileak eta zelaira hobeki egokitzen denak izanen du, bere ustez, garaipena eskuratzeko aukera: “Orain arte UD Logroñesek jokatu dituen partiduak ikusi ditugu. Lehenean porrot egin zuen, baina etxekoetan ongi aritu da baloiarekin. Mutilveraren kontra ere neurketa bikaina egin zuen. Maila altuko jokalariak ditu eta desiratzen nago hona ailegatzeko eta ikusteko zein den hobeki aritzen dena”. 

Peru Ruizen falta somatuko du talde irundarrak asteburu honetan, baita hurrengoetan ere. Hala ere, berak utzitako hutsunea ongi ordezkatzeko gai direla ere onartu du Gilek: “Galera bat da, baina jokoaren parte da horrelakoak gertatzen. Taldea gai izan behar da galera horiek ordezkatzeko, horrelako ezbeharrak ailegatzen direlako beti. Guri tokatu zaigu eta benetan sentitzen dut Peruren hutsunea. Baliabideak dituen jokalaria da eta horiek faltan somatu ditugu, baina ongi dauden jokalariak gogortzeko balioko digu honek”. 

Edonola ere, Real Union prest dago hurrengo erronka honi aitzin egiteko. Zaleek ere gozatu ederra hartuko dute, goi mailako partidu hau ikusten. Aurtengo denboraldian etxeko partiduetan ohikoa izanen den ordutegia mantenduko du talde txuribeltzak, animatzera hurbiltzen direnentzat ere egokia izanen dena. Bihar, urriaren 4an, 19:00etan hasiko da Real Union eta UD Logroñesen arteko lehia.