Ramses Gil: “Urritxe zelaia eszenatoki zaila izango da, akatsik gabe lehiatuko beharko baikara irabazi ahal izateko”
Bigarren Federazio mailako talde guztiek asteburu honetan emanen diote hasiera 2025/26 denboraldiari. Real Unionen kasuan, bere egoera beretsuan dagoen taldea izanen du lehen aurkaria, Amorebieta (irailaren 7an, 12:00etan). Biak ere Lehen Federazio mailatik jeitsi ziren pasa den ekainean eta plantilla ia guztia berria dute. Hala ere, elkar ongi ezagutzen duten bi talde dira, ez soilik aurredenboraldiak ongi begiratu diotela elkarri, baizik eta Amorebietako entrenatzailea ia etxekoa delako, Aitor Zulaika. Horregatik beragatik, Ramses Gilek argi utzi du bere taldeak partidu perfektua jokatu beharko duela lehen jardunaldiko hiru puntuak eskuratzeko.
Ramses Gilek zelai berean hasiko du aurten ere denboraldia, Urritxen. Pasa den denboraldian, Amorebieta izan zuen lehen aurkaria Segovianarekin, eta aurten ere modu berean hasiko du ikasturtea. Real Unionen antzera, Amorebieta ere Lehen Federazio mailatik jeitsi zen ekainean eta Bigarren Federazioa estreinatuko du beraz, igande honetan. Biak ere helburu beretsua dutela aipatu du Gilek, hain zuzen ere “ongi lehiatzea”, eta horregatik beragatik, zelai zaila izanen da Urritxekoa: “Egoera beretsuan gaude bi taldeak. Elkar ongi ezagutzen dugu. Gure aurredenboraldiko ibilbidea jarraitu dute eurek eta guk ere horixe egin dugu beraien ibilbidearekin. Gure lana hortan datza, aurkariaren xehetasunak ongi ikasi eta ikusi non egin diezaiokegun min”.
Irabazi ahal izateko, “partidu ia perfektua egin behar dugu”, onartu du entrenatzaileak. Hala ere, azken egunetako eguraldia ikusita, data onean bisitatuko dute Urritxe: “Pozik gaude data hauetan joanen garelako gara, beharra ongi egonen da”. Hortaz gain, gogotsu dago taldea ere denboraldiari hasiera emateko, batez ere azken asteburuan lortutako garaipenarekin: “Aurredenboraldiko garaipenak ongi heldu dira eta azken ukitu ona izan zen denboraldia hasteko. Kontent gaude eta partidua jokatzeko gogoz”.