Ramses Gil: “Zaila izanen dela jakinda egin beharko diogu aurre partiduari”
2026/01/23
Real Unionek SD Logroñes bisitatuko du bihar, urtarrilaren 24an, 19:00etan. Pasa den asteburuko porrotaren ondotik, prest dago talde txuribeltza berriz ere hiru puntuak etxera bueltan ekartzeko. Hala ere, badaki aurkariak ez dizkiola gauzak erraz jarriko, talde ona baitu eta zelai on batean jokatuko dutelako. Hala ere, gogoz eta ilusioz dago Ramses Gilen taldea.
Real Unionek bihar, urtarrilaren 24an, bisitatuko du SD Logroñes taldea, Las Gaunas zelaian 19:00etan. Txuribeltzek zelai ezin hobe batean izanen dute aukera azken asteburuko porrota iraultzeko. Hala ere, aurkariak ez ditu gauzak erraz jarriko, errioxarrak onak baitira eta azken hiru partiduetan porrotik jaso gabe aritu dira. Ramses Gilen taldea ongi prestatu da erronka berri honi aitzin egiteko eta ilusioz eta gogoz dago berriz ere hiru puntuak etxera bueltan ekartzeko.
Ramses Gilek biharko “zelaia eta eszenatokia” pasa den asteburuko porrotari buelta emateko “ezin hobea”dela onartu du. “Estadioa bikaina da, ez naiz bertan egon, baina hori aipatu didate. Berdegunea ere ongi dago, kontuan hartuta urtarrilean ez dagoela bere momentu hoberenean. Honek guztiak futbolean aritzeko bertze modu bat eskaintzen digu eta hortara egokituko gara”, gehitu du.
Pasa den asteburuko porrotaren ondotik, lanean “normaltasunez” aritu direla argitu du: “Ez genuen porrot hau ailegatzerik nahi, baina aurkariak gainditu zigun eta guk ez genuen asmatu. Hori onartu, ikasi eta hurrengo partiduari baikortasunez aurre egitea bertzerik ez zaigu gelditzen”. SD Logroñes izanen da hurrengo partidu horretan aurkaria eta “egoera guztietan protagonismoa bilatzen duen” taldea dela oroitarazi du Gilek. “Baloiaren jabetza bereganatzen” duena da eta “jokalari oso onak dituena”. Azken asteetan lesio garrantzitsu batzuek taldea baldintzatu dutela jakinarazi du entrenatzaileak, baina hiru asteburuz segidan porrotik jaso gabe dagoela.
Honen aitzinean, “partidua ongi antolatu” behar dutela adierazi du prestatzaileak eta “zaila izanen dela jakinda” aurre egin erronka berri honi. Honekin guztiarekin, “gogoz eta ilusioz” daude guztiak bihar Logroñon garaipena eskuratu eta Irunera bueltan hiru puntuak ekartzeko, sailkapeneko lidergotzan aurrerapausu bat emateko helburu garbiarekin.