Real Union Federazio Kopatik kanpo gelditu da

2025/08/14
Sestao Riverren kontrako lehen kanporaketan, 1-0eko markagailuarekin galdu zuen atzo talde txuribeltzak Las Llanas futbol zelaian. Hutsera berdinduta ailegatu ziren bi taldeak legezko denbora bukatu zenean, baina luzapenean (92. minutuan) lortu zuten etxekoek garaipenaren gola sartzea, Iñigo Gomezaren eskutik, Real Union Federazio Kopatik kanpo utzita.
Real Union Federazio Kopatik kanpo gelditu da
Sestao River 1
0 Real Union Club

Real Unionek 1-0eko markagailuarekin galdu zuen atzo Las Llanasen, Sestao Riverren kontra jokatu zuen Federazio Kopako kanporaketan. Neurketa parekatua jokatu zuten bi taldeek eta hori markagailuan ere isladatu zen. Hutsera berdinduta bukatu zuen bi taldeek arauzko denbora, baina luzapenean lortu zuten etxekoen aitzina hartzea eta garaipena bereganatzea, Iñigo Gomezak 92. minutuan sartutako gol bati esker. 

Lehen zatian ongi zelairatu zen Real Union, Las Llanas futbol zelai historikoan. Txuribeltzak Sestaoren atera hurbildu ziren, nahiz eta ez zuten lortu arrakastarik edukitzea. Hala ere, neurketa lehiatua izan ari zen lehen ordu erdi horretan, baloia lurretik edota airetik eramanez, baina ez talde batek ez bertzeak ere ez zuen abagune argirik sortu gola sartzeko. 36. minutuan aldiz, bizkaitarrek izan zuten lehen aukera garbia. Markel Etxebarriak pase sakona jaso zuen eta jaurtiketa eginda, baloia sare barrura sartzeko gertu gelditu zen. Irundarrek segituan erantzun zuten eta Unai Garciaren erdiraketa aprobetxatuz, “guraize” itxurako bolea akrobatiko bat konektatu zuen eta jaurtiketa egin zuen, Iruarrizaga atezainak ongi gelditu zuena. Atsedenaldira bidean berriz, arrisku handirik gabeko partidua jokatu zuten bi taldeek, hutsera berdinduta ailegatuz bigarren zatira. 

Azken 45 minutuan bertze erritmo batekin hasi ziren, neurketa anitzez ere dinamikoagoa jokatuz bi taldeen aldetik. Real Uniongo Santi Miguelez saiatu zen, 59. minutuan, bere taldea aitzinatzen, baina bere jaurtiketa defentsak urrundu zuen, goleko marratik gertu zegoela. Arauzko denbora bukatzen ari zela, talde txuribeltzak berriz ere estutu egin zuen aurkaria eta Peru Ruizek egindako txilena batek hurbildu zuen taldea garaipenera, baita Mustaphak egindako hainbat ekintzek ere. Edonola ere, ez zuten golik lortu eta epaileak 90. minutua iritsia zela abisatu zuenean, 0-0eko markagailua zuten bi taldeek. 

Luzapenean, neurketak bertze norabide bat hartu zuen eta Sestaok bere azken aukera ongi baliatu zuen. Iñigo Gomezak Real Uniongo jokalari batek ukitu zuen baloia hartu eta segidan jaurti zuen Lander Emeryk zaintzen zuen atera. Azken honek ezin izan zuen deus ere egin eta baloia sarera sartu zen, garaipenaren gola bihurtuta sestaotarrentzat. Talde txuribeltza berdinketaren bila joan zen hurrengo minutuetan eta, 119. minutuan, Manolo Molinak buruz egin zuen saiakera bat, baina ezinezkoa izan zen. Azkenik, 1-0ekoarekin, Sestaok lortu zuen garaipena, baita Federazio Kopako txapelketan aitzinera egitea ere. Real Unioni berriz, hasi bezala, bukatu egin zaio amets hori.