Real Union Lehen RFEF Mailara itzuliko da

2026/04/07
Naxararen kontra 3-0 irabazi ondotik, talde txuribeltzak dagoeneko lortu du aurtengo denboraldiko helburua, Lehen RFEF Mailara bueltatzea. 2025eko azarotik bi partidu soilik galdu ditu Ramses Gilen taldeak eta bertze bitan berdindu. Gainontzekoetan hiru puntuak osorik bildu ditu eta honela, sailkapeneko lider izan da azken asteetan. Orain, 65 punturekin guztira, igoera zuzena lortu du denboraldia bukatzeko lau neurketa gelditzen direnean.
Real Union Lehen RFEF Mailara itzuliko da
Real Unionek denboraldiko helburu nagusia lortu du dagoeneko, Lehen RFEF Mailara igotzea. Aurtengo lanak bukatzeko lau neurketa gelditzen dira jokatzeko eta horiek lasaitasunez gaindituko ditu talde txuribeltzak, igoera zuzena lortua duela jakinda. Naxararen kontra 3-0eko markagailuarekin irabazi zuen pasa den larunbatean eta, Alaves eta SD Logroñesen porroten ondotik, helburua lortuta bukatu zuen asteburua Ramses Gilen taldeak. Orain dela urtebete jeitsiera murtxikatzen ari zen Real Union eta orain berriz, igoera dastatzen ari da dagoeneko. Pasa den asteburuan, Naxarari irabazi ondotik (3-0), txuribeltzek etxean ospatu ahal izan zuten Lehen RFEF Mailara itzuliko direla. Zaleekin batera egin zuten hori eta arratsalde berezia bizitzeko aukera izan zuten guztiek elkarrekin, denboraldia bukatzeko lau partidu gelditzen diren momentu honetan helburu guztiak lortuak daudela ospatzeko. 2025eko azarotik bolada ederrean aritu da talde irundarra, soilik bi neurketa galduta eta bertze bi berdinduta. Gainontzeko guztietan hiru puntuak osorik poltsikoratu ditu eta azken aste luzeetan sailkapeneko liderra izan da. Orain ere, 65 punturekin guztira, postu berean mantentzen da eta inorrek ez dio kenduko leku hori azken aste hauetan, matematikoki lehen postuan bukatuko duelarik denboraldia, igoera zuzena ere lortuz. Horrela, Ramses Gilen taldeak azken urteetako ezinegonari bukaera emanen dio eta lurra jo ondotik, jauzi handi baten laguntzaz, Lehen RFEF Mailara igoko da 2026/27 denboraldian, berriz ere bere lekura hartuz hirugarren mailako kategoria gorenean.