Real Union Roca Hirugarren RFEF Mailako taldea da
2026/05/11
Mondragoni 7-0 garaitu ondotik, talde txuribeltzak matematikoki lortu du Hirugarren RFEF Mailara igoera, denboraldia bukatzeko bi neurketa gelditzen direnean jokatzeko. Real Union Kluba zorioneko dago 2026 honetan. Lehen taldearen igoera ez ezik, bigarren taldearena ere ospatu dute azken asteburuetan. Lorpen hauek garrantzitsuak izanen dira, heldu den denboraldiari begira, bi taldeen arteko harremanak sustatzeko.
Real Union Rocak, denboraldia bukatzeko bi neurketa gelditzen direnean, Hirugarren RFEF Mailara igoera lortu du matematikoki. Azken asteburuan, talde irundarrak 7-0eko markagailuarekin garaitu du Mondragon eta irabazitako hiru puntu hauekin, behin-betiko Ohorezko Erregional mailako txapelduna bilakatu da Real Unionen bigarren taldea, zuzeneko igoera ere lortuz.
Alberto Lopezen taldeak denboraldia guztiz bukatu baino lehen lortu du aurtengo helburu nagusia: Hirugarren RFEF Mailara igotzen. Mondragonen kontra jokatutako azken partiduan, etxean, 7-0eko markagailua erdietsi du Rocak, garaipena lortuz, baita jardunaldiko hiru puntuak ere. Honela, 73 punturekin guztira, Ohorezko Erregional mailako lider ukaezina bilakatu da talde txuribeltza eta, matematikoki, zuzeneko igoera eskuratu du.
Garaipen hau ez da Rocarentzat ona izan soilik, lehen taldearentzat ere baliagarria izan da, heldu den denboraldiari begira, bi taldeen arteko harremanak sendotuko baitira horrela. Lehen taldea Lehen RFEF Mailara ariko da eta bigarrena, Hirugarren RFEF Maila. Biak ala biak, pausu bat aitzinera emanen du bere entrenamenduetan eta jokoan, gehiago parekatuz bien lan egiteko modua eta horrela, aukera gehiago emanez bigarren taldekoei goiko mailan aritzeko. Real Union Kluba zorioneko dago eta hori bere jokalariek lortutako emaitzetan agerian gelditu da.