Real Unionek bertze garaipen bat eskuratu zuen etxean
2026/02/23
Talde irundarrak Eibar B jaso zuen etxean eta 2-1eko markagailuarekin irabazi zuen derbi gipuzkoarrean. Lehen zatian utzi zuen Ramses Gilen taldeak garaipena erabakita, nahiz eta atsedenaldira bidean, bisitariek irundarren errenta murriztu. Bigarren zatian, golik gabeko partidua jokatu ondotik, markagailua bere horretan mantendu zen eta beraz, jardunaldiko hiru puntuak Galen gelditu ziren.
Real Unionek 2-1eko markagailuarekin irabazi zuen, pasa den larunbatean, Eibar B taldearen kontra. Derbi gipuzkoar garrantzitsua zen Stadium Galen jokatutako eta bi taldeek ere garaipena eskuratzeko prest zeuden. Talde bisitariak erritmo bizia ezarri zuen neurketaren hasieratik eta partiduaren kontrola ere bereganatu zuen lehen minutuetan. Hala ere, talde txuribeltzak eman zuen lehen kolpea. Hegaleko jokaldi baten ondotik, Mustaphak Amilibia gibelean utzi eta erdiraketa zehatza egin zion Soroetari, azken honek are barrura sartuta, gola sartuz eta markagailua irekiz. Zazpigarren minutua zen eta dagoeneko aitzinetik zegoen etxeko taldea.
Hurrengo minutuetan Eibar saiatu zen horri erantzun bat ematen, baina hamahiru minutu beranduago, bigarrena sartzeko gai izan zen Union. Sangallik pasea egin zion Mustaphari eta hau bakarrik gelditu zen atezainaren aitzinean. Saiakera egin eta Bermejo gainditu zuen jokalari txuribeltzak, 2-0ekoa ezartzeko. Garaipena bideratua zegoen ordurako eta atsedenaldira bidean, lasai jokatu zuen etxeko taldeak. Hala ere, 42. minutuan, zorigaiztoko egoera suertatu zen. Epaileak Mateo zigortu zuen, eibartarren jokalari bat heldu zuelako, eta penaltia erabaki zuen kontra. Amilibiak ez zuen hutsik egin eta 2-1ekoa ezarri zuen lehen zatiaren bukaeran. Horrez gain, hamar jokalarirekin gelditu zen etxeko taldea, bi txartel hori ikusi baitzituen Mecerreyesek eta bat gutiagorekin gelditu zen honela.
Bigarren zatian, Eibar berdinketaren bila zelairatu zen, zalantzarik gabe. Edonola ere, Union sendo eta antolatu batekin egin zuen topo eta aukera guti eman zizkion bisitariari. Aukerak ere sortu zituen etxeko taldeak, baina ezin izan zituen gauzatu. Horrela beraz, markagailua gehiago mugitu gabe, garaipena eskuratu zuen Ramses Gilen taldeak, baita jardunaldiko hiru puntuak ere, lidergotzan are gehiago sendotuz. Momentu honetan, 50 puntu ditu talde irundarrak, bigarren sailkatua den Utebok baino zazpi gehiago.
Heldu den asteburuan, Mutilvera talde nafarroa bisitatuko du Real Unionek, larunbatean (otsailaren 28an), 16:15ean.