Real Unionek denboraldiko lehen garaipena lortu zuen atzo Galen
2026/08/31
Talde txuribeltzak denboraldiko lehen hiru puntuak batu zituen atzo sailkapenera. Lehen RFEF Mailara buelta ezin hobe estreinatu dute Ramses Gilen jokalariek. Lehen zatian euren alde jarri zuten markagailua eta bigarrenean, Coriak emaitza berdindu bazuen ere, etxekoek burua hotz mantendu eta berriz ere nagusitzea lortu zuten. Azkenean, 4-1eko behin-betiko markagailuarekin garaipena lortu zuten, 2026/27ko denboraldia ezin hobe hasiz.
Real Unionek 4-1eko emaitzarekin irabazi zuen atzo, Stadium Galen, CD Coria taldearen kontra. 2026/27 denboraldiko lehen jardunaldia ezin hobe hasi zuten txuribeltzek, etxeko lehen hiru puntuak poltsikoratuz. Lehen zatian dagoeneko jokoan nagusitu ziren, baita emaitzan ere, 1-0ekoarekin joan baitziren atsedenaldira. Bigarren zatian, Coriak berdinketa ezarri zuen markagailuan, baina etxekoek ez ziren kikildu. Burua hotz mantenduz, segidan lortu zuten berriz ere euren alde jartzea partidua eta, hiru gol gehiago sartuta, behin-betiko garaipena eskuratzea.
Lehen zatian ongi zelairatu ziren txuribeltzak eta 22. minutuan ailegatu zen partiduaren lehen gola, etxekoena hain zuzen ere. Aitor Galarzak penaltiz sartu zuen baloia sare barrura eta horrela, 1-0ekoarekin jarri ziren. Atsedenaldira ere emaitza horrekin ailegatu ziren, bigarrenean alde hori mantentzeko helburua zutela. Azken 45 minutu horiek hasterakoan ordea, Coriak lortu zuen emaitza berdintzea, Alejandro Blancoren bitartez. Kolpea izan zen Real Unionentzat, baina ez zuen amore eman eta segidan jarri zen lanean markagailua berriz ere iraultzeko asmoz. Pentsatu eta egin. Sei minutu beranduago, berriz ere aitzinetik jartzea lortu baitzuen taldeak, Unai Garciak sartutako golari esker. Hori guti balitz, hirugarren eta laugarren golak ere eskuratu zituzten, Gaizka Martinez eta Paul Alvarezek hurrenez hurren. Azken honek gainera, arauzko denbora bukatuta lortu zuen, dagoeneko erabakia zegoenean emaitza, nahiz eta alde horrekin segurtasun gehiago eman zion taldeari.
Horrela bada, 4-1eko behin-betiko markagailuarekin, 2026/27ko denboraldiko lehen garaipena lortu zuen Real Unionek, Lehen RFEF Mailara itzulera ospatzeko. Lehen hiru puntuak ere poltsikoratu zituen sailkapenean eta beraz, poztasuna eta motibazioa nagusitu zen Stadium Galen, jokalari, teknikari eta zaleen artean. Hurrengo erronka etxetik kanpo izanen du talde txuribeltzak. Unionistas de Salamanca CF bisitatu beharko du heldu den asteburuan, zehazki larunbatean (irailaren 5ean), 18:45ean.