Real Unionek Deportivo Alaves jasoko du bihar Stadium Galen

2026/01/30
Talde txuribeltzak Deportivo Alaves B jasoko du bihar, urtarrilaren 31n, etxean (18:00). Hiru puntuak eskuratzea izanen da helburu nagusia, sailkapenean tarteak zabaldu ahal izateko eta euren lidergotza sendotzeko. Hala ere, aurkari zaila izanen dute aitzinean, Alavesek lehen mailan minutuak dituzten jokalariak dituelako eta azkena asteetan dinamika onean daudelako. Real Unionek, bere aldetik, argi du zer den egin behar duena eta borrokatzeko indarrez zelairatuko da zaleen aurrean.
Real Unionek Deportivo Alaves jasoko du bihar Stadium Galen
Real Unionek Deportivo Alaves B jasoko du bihar, urtarrilaren 31n, Stadium Galen (18:00). Talde txuribeltzak lidergotzan sendotu nahi du eta horretarako, ezinbertzekoak izanen ditu etxean banatuko diren hiru puntuak. Hala ere, aurkariak ez dizkio gauzak erraz jarriko, bortz jardunaldi daramatzalako galdu gabe eta lehen mailan minutuak dituzten jokalariak ere dituelako plantillan. Horren aitzinean, ordea, etxeko taldeak plangintza argi bat du eta borrokarako prest dago, sinetsirik baitago puntuak ateratzea bideragarria dela. Ramses Gil entrenatzaileari gaixotasun batek eragotzi dio Real Union eta Deportivo Alaves B taldeen arteko partiduaren atarikoa prentsaurrekoan egotea. Bere ordez Mario Capelete taldeko analistak egin du neurketaren aurreikuspena. Argitu duenez, bihar Gil izanen da taldea gidatzen: “Entrenatzailea eri dago, baina biharko neurketa egonen da. Beharrezkoa dugu eta, alde horretatik, ez da arazorik egonen. Gaurko entrenamendua bera gabe eginen dugu, baina lana dagoeneko egina dago”. Deportivo Alaves B hartuko du bihar etxean Real Unionek. Filial bat da eta filial bat izateak dakarren guztia ikusi ahal izanen da Galen: “Filial bat da eta beraz, talde handi bat. Indibidualki maila oso altuko jokalariak dira, batzuk lehen taldearekin aritzen direnak ere. Partidu fisiko bat izanen da, baina plangintza garbi bat dugu horretarako eta ongi prestatuak gaude”. Gogoz dago talde txuribeltza biharko erronkari aitzin egiteko, lehen eguna balitz bezala. “Helburua lortzeko oraindik hobetzeko zeozer”, badago ere, azken asteetako jokoari erreparatuko diotela dio Capeletek. Emaitzak ez dira positiboegiak izan, baina erakutsitako jokoa desiratutako dela onartu du eta “hori errepikatzen bada, logikoena irabaztea” izanen lizatekeela azpimarratu du. Aurkaria dinamika onean dator gainera Galera, azken bortz jardunaldietan ez baitu porrotik jaso. Sailkapeneko laugarren postuan dago kokatuta, 35 punturekin, Real Unionetik bortz puntura. Capeletek ziurtatu du denboraldi bukaeran Alaves “goiko postuetan” egonen den taldea dela eta horregatik beragatik, biharko norgehiagokan puntuak etxean gelditzea ezinbertzekoa izanen da txuribeltzentzat. Hiru puntu gehiagorekin, tartea irekiko lukete Gilen jokalariek arabarrekin, baina baita bigarren eta hirugarren postuan dauden Tudelano eta Uteborekin ere, edo abantaila mantendu bederen.