Real Unionek etxeko lehen hiru puntuak eskuratu ditu Mutilveraren kontra
Real Unionek 3-1 irabazi zuen, pasa den larunbatean (irailaren 27an), Mutilveraren kontra. Denboraldiko hirugarren jardunaldian, bigarren garaipena eskuratu zuen talde txuribeltzak, lehena etxean. Hasieratik erakutsi zuten indarra irundarrek eta Peru Ruizek sartutako golari esker ireki zuten markagailua. Ondotik, Mutilverak emaitza berdintzea lortu zuen, partidua bukatzeko hamar minutu gelditzen zirenean. Luzapenean ailegatu zen Real Unionek behin-betiko garaipena, Tellecheak eta Lakenek sartutako golei esker.
Ramses Gilen taldea indartsu zelairatu zen Stadium Galen Mutilveraren kontra. Lehen minutuetatik golaren bila joan ziren irundarrak eta ia lortu ere. Seigarren minutuan izan zuten lehen aukera garbia, Manolo Molinak errematatutako korner baten ondotik, nahiz eta baloia ez zen sare barrura sartu. Zazpi minutu beranduago aldiz, bertze korner baten ondotik, Peru Ruizek area txikian errematatu zuen jokaldia eta lehen gola ere sartu zuen, denboraldiko lehena etxean. Hortik aitzinera, bigarrenaren bila joan ziren txuribeltzak eta zenbait aukera gehiago sortu zituzten, Unai Garciaren eta Mustapharen eskutik. Mutilverak ere izan zuen abaguneren bat, nahiz eta kostata sortutakoa izan. Tenak ongi erantzun zuen beharrezko momentuan eta beraz, 1-0ekoarekin ailegatu ziren bi taldeak atsedenaldira.
Bigarren zatian berriz, bertzelako jokoa ikusi zen Galen. Etxekoen nekea nabaria zen eta Mutilverak hau aprobetxatu zuen baloiaren jabetza bereganatzeko. Hala ere, atsedenaldiraen ondotik Peru Ruizek izan zuen berriz ere gola egiteko aukera. Fraga atezainaren eskuak atera ziren berriz eta gola ekidin zuten. Partiduaren azken hamar minutuetan ailegatu zen kaosa Irungo zelaian. 80. minutuan, Adrian Arangurenek lortu zuen emaitza berdintzea, jaurtiketa indartsu baten ondotik, Tenak ezin izan zuena gelditu. Garaipenak ihes egiten ahal zuela ikusirik, txuribeltzek lanean segitu zuten amore eman gabe. Luzapena ailegatu zen orduan, baita etxekoen bertze bi golak ere. Lehena, Ignacio Tellechearena izan zen, 91. minutuan. Real Union berriz ere aitzinetik jarri zen horrela, eta dena erabakita zegoela zirudienean, jardunaldiko hirugarren gola eskuratu zuten etxekoek, oraingo honetan Laken Torresen eskutik (94. minutuan, 3-1).
Garaipen honekin, bertze hiru puntu eskuratu ditu Real Unionek sailkapenerako, denboraldi honetako etxeko lehenak izan direnak gainera. Guztira, 7 puntu ditu orain talde txuribeltzak eta sailkapeneko hirugarren postuan kokatu da, hirugarren jardunaldiaren ondotik. Heldu den asteburuan, etxetik kanpo ariko da Ramses Gilen taldea, Beasain KEren kontra.