Real Unionek ezin izan zuen Zamora garaitu
Real Unionek 1-0 galdu zuen atzo eguerdian Zamoraren kontra. Garaipenaren gola bigarren zatian ailegatu zen, Javi Dominguezek bere atean sartu zuenean baloia. Akats honek hiru puntuak eman zizkion aurkariari eta talde txuribeltza burumakur bueltatu zen etxera. Porrota ahantzi eta heldu den larunbatera begira jarri beharko da Albert Carbó, Stadium Galen eta Osasun Bren kontra garaipena eskuratzea ezinbertzekoa izanen baita.
Golik gabeko lehen zatia jokatu zuten Real Unionek eta Zamorak. Hala ere, talde bisitariak aukera garbi bat eduki zuen markagailuan aitzina hartzeko. 20. minutuan, Josecak baloi bat jaso eta erdiraketa on bat egin zuen, Aitor Aranzabek jaso zuena. Azken honek jaurtiketa gurutzatua egin zuen, baina baloiak zutoina jo eta kanpora joan zen. Atsedenaldira beraz, 0-0ekoarekin berdinduta joan ziren bi taldeak.
Bigarren zatian lortu zuen Zamorak garaipenaren gola. Real Unionen akats bat izan zen, izan ere Javi Dominguezek bere atean sartutako gol batengatik lortu zuen etxeko taldek garaipena. 60. minutuan izan zen hori. Azken hogei minutuetan, Albert Carbóren taldea berdinketaren bila joan zen. Baloiaren kontrola eduki zuen eta pase luzeen bidez, Zamoraren areara ailegatu zen behin baino gehiagota. Hala ere, ez zuen atean asmatu eta beraz, puntuek ihes egin zioten.
Porrot honekin, Real Union sailkapeneko hamabostgarren postuan kokatu da, 43 punturekin guztira. Heldu den larunbatean, maiatzaren 17an, talde txuribeltzak denboraldiko azken partidua jokatuko du etxean, Stadium Galen. Horretarako, Osasuna B jasoko du (19:00) eta garaipena ezinbertzekoa izanen du etxeko taldeak.