Real Unionek galdu gabe segitzen du denboraldi hasiera honetan

2025/09/29
Ramses Gilen taldeak eta Beasainek berdinduta bukatu zuten asteburuko partidua. Talde txuribeltza aitzinetik zihoan, Tellecheak sartutako gol bati esker eta hiru puntuak etxera bueltan ekarri behar zituela zirudienean, etxeko Bengoetxeak emaitza berdindu zuen luzapenean. Hala ere, puntu bat eskuratu zuen taldeak eta sailkapeneko laugarren postuan kokatu da. Partiduak bertze momentu gazi bat ere eduki zuen, Peru Ruizek tibia eta peronea hautsi baitzuen eta lehiaketatik baztertu egin behar izan delako.
Real Unionek galdu gabe segitzen du denboraldi hasiera honetan
Beasain KE 1
1 Real Union Club

Real Unionek banako berdinketarekin bukatu zuen, pasa den larunbatean, Beasain taldearen kontra jokatutako neurketa. Lehen zatia hutsera berdinduta bukatu eta gero, bigarren zatiaren hasieran lortu zuen talde txuribeltzak gola, Tellechearen eskutik. Arauzko denbora bukatuta, aitzinetik zigoan Ramses Gilen taldea, baina luzapenean ailegatu zen etxekoena. Bengoetxeak lortu zuen emaitza berdintzea eta beraz, bi taldeek puntuak banatu behar izan zituzten. 

Lehen zatian, indarrez zelairatu zen talde txuribeltza eta Beasain baino gehiago ere izan. Hala ere, etxekoek defentsa sendo bat eduki zuten ere eta aukera guti eman zizkion aurkariari. Real Unionen gola sartzeko abagune bakarra Juan de la Matak izan zuen, kornerretik ailegatu zitzaion baloia errematatzen saiatu zenean. Hala ere, bere burukadak gora bidali zuen baloia. Ordu erdia pasatuta, etxekoek protagonismo gehiago lortu zuten, nahiz eta ez zuten lortu aukerarik sortzea. Bisitariak izan ziren berriz ere gola sartzen saiatu zirenak, Miguelez eta Tellechearen jaurtiketa banarekin, baina biak ere kanpora joan ziren. Horrela, atsedenaldira hutseko markagailuarekin joan ziren bi taldeak. 

Bigarren zatiaren hasieran ailegatu zen Real Unionen gola. Tellecheak jaso zuen Iradik egindako pasea eta baloia sare barrura bidali zuen, 0-1ekoa ezarriz txuribeltzen alde. Minutu gutira, partiduaren ezbeharra gertatu zen. Peru Ruizek erdiraketa bat egin zuen eta aurkariek bere jokaldia gelditu nahiean, arean bertan eraitsi zuten, Irungo taldeko jokalaria larriki minduz. Hain zuzen ere, kamillan atera behar izan zuten zelaitik Ruiz, tibia eta peronea hautsia zuelarik eta bihar, irailaren 30ean, ebakuntza eginen diote, hilabete luzez lehiaketatik kanpo utziko duena. Momentu gazi horren ondotik, txuribeltzek baldintzapean jokatu zuten eta Beasainek lortu zuen baloiaren jabetza. 

Hiru aukera gehiago aprobetxatu nahi izan zituzten bisitariek araututako denboraren bukaeran, baina Tellechearen, Louakimaren eta Arrutiren saiakeren ez zuten arrakastarik eduki. Arauzko denbora bukatzean, 0-1ekoa zuen Real Unionek bere alde, baina bertze hamar minutuz luzatu zen neurketa. Luzapenaren hasieran lortu zuen Beasainek partidua berdintzea, Bengoetxeak sartutako golari esker. 92. minutuan lortu zuen beraz, etxeko taldeak emaitza berdintzea eta horrela, jardunaldiko puntuak banatzea. Ramses Gilen taldeak azken aukera bat ere izan zuen, garaipena berriz ere bereganatzeko, baina ez zuen lortu. Azkenik, 1-1ekoarekin, puntu bat gehiago batu zuen Real Unionek sailkapenera eta zortzirekin guztira, laugarren postuan kokatu da. Heldu den larunbatean, urriaren 4an, etxean jokatuko du berriz ere taldeak, UD Logroñes taldearen kontra (19:00).