Real Unionek garaipen batekin eman dio hasiera denboraldi berriari
Real Unionek Amorebieta garaitu zuen atzo, irailaren 7an, Bigarren Federazio mailako lehen jardunaldian. 0-1eko markagailuarekin irabazi zuen talde txuribeltzak, seigarren minutuan Unai Garciak sartutako golari esker. Horrela, Ramses Gilen taldeak lehen hiru puntuak batu zituen sailkapenera eta indarrez ekin dio denboraldiari.
Nagusitasunez aritu zen 90 minutuz Real Union eta lehen minutuetan dagoeneko agerian gelditu zen indar hori. Ramses Gilen jokalariek maila ona erakutsi zuten lehen minutuetatik eta, hain zuzen ere, seigarren minutuan ailegatu zen lehen gola, gerora partiduko gol bakarra izanen zena. Tellecheak baloi luze bat berreskuratu zuen zelaian eta erdiraketa baxu zehatza egin zuen. Unai Garciak jaso zuen baloi hau eta sarera jaurti egin zuen, barrura sartuz eta lehen gola ere erdietsiz.
Markagailua ireki bazuten ere, txuribeltzek gehiago nahi zuten eta bigarrenaren bila joan ziren. Santi Miguelez saiatu zen orduan 0-2koa ezartzen, baina Amorebietako atezainak ongi gelditu zuen bere jaurtiketa. Etxeko taldea ere saiatu zen, behin bain gehiagotan, neurketa berdintzen, nahiz eta ez zuten aukera garbirik sortu. Lehen zatiko azken minutuetan bertze aukera batzuk ere izan zituen Real Unionek, Miguelez, Torres edo Tellechearen aldetik, baina ezin izan ziren hauek gauzatu eta beraz, atsedenaldira, 0-1ekoarekin ailegatu ziren bi taldeak.
Bigarren zatian, erritmoa pixka bat jeitsi zen eta jokoa trabatu. Bi taldeetan aldaketa ugari egin zituzten entrenatzaileek eta hortik aitzinera, faltak eta txartelak izan ziren nagusi. Hala ere, txuribeltzek sendo jarraitu zuten lanean errenta aregotzeko asmoz. Arrutik izan zuen gola sartzeko aukerarik garbiena, baina Altamirak ongi urrundu zuen jaurtiketa. Horrez gain, defentsa lan ona egin zuen Ramses Gilen taldeak, Amorebietari saiakerak edukitzea eragotziz. Horrela beraz, Real Unionek garaipena eskuratu eta denboraldiko lehen hiru puntuak ere batu zituen sailkapenean. Heldu den igandean, indarrez ekinen dio etxean jokatuko duen lehen partiduari. Tudelanoren kontra ariko dira txuribeltzak, 19:00etan.