Real Unionek garaipen garrantzitsua lortu zuen atzo Stadium Galen

2025/11/17
Talde txuribeltzak 2-1eko markagailuarekin garaitu zuen SD Logroñes, partidu landu bat jokatu ondotik. Tellecheak lortu zuen partiduan aitzina hartzea lehen gola sartuta, eta errioxarrek emaitza berdintzea lortu bazuten ere, bigarren zatian Soroetak bigarren gola eginda, hiru puntuak Stadium Galen gelditzea lortu zuen talde irundarrak, zaleei garaipena eskainiz.
Real Unionek garaipen garrantzitsua lortu zuen atzo Stadium Galen
Real Union Club 2
1 SD Logroñes

Real Unionek 2-1ekoa markagailuarekin garaitu zuen SD Logroñes, atzo arratsaldean Stadium Galen. Talde irundarrak garaipena eskuratzeko asmo garbia zuen, zaleen aitzinean hiru puntuak poltsikoratzeko nahia zela eta. Helburu hori begi bistan edukita, lanean aritu ziren 90 minutuz eta joko sendo bat erakutsita, nahia bete zuten, hiru puntuak etxean utzita. 

Lehen zatian parekatuak aritu ziren bi taldeak. Real Union erasoan indarrez aritu zen, baloiaren jabetza ere eduki zuen tarte gehienean, baina aukerak sortu gabe jokatu zuen. Soroetak izan zuen lehen abagunea, burukada baten bitartez, baina Royok ongi gelditu zuen baloia. Markagailuan aitzina hartzeko hurrengo aukera SD Logroñesek izan zuen, baina hor ere Lander fin ibili zen jaurtiketa geldituz. Honen ondotik, talde txuribeltzak ez zuen barkatu. Hurrengo jokaldiak Soroetak baloia filtratu eta Tellecheak jaso zuen, Royoren atera bidaliz eta sartuz, partiduaren 18. minutuan. Ramses Gilen taldeak indarrez segitu zuen lanean eta hurrengo aukerak ere berean izan ziren, nahiz eta ezin izan zituzten errematatu. Horrela, atsedenaldira bidean, jokaldi isolatu baten ondotik, epaileak penaltia adierazi zuen errioxarren alde eta hauek ez zuten barkatu, emaitzan 1-1ekoa ezarriz. 

Bigarren zatian, Real Union erasokor zelairatu zen berriz ere, markagailua iraultzeko asmoz. Aukera guti izan zituen taldeak hori lortzeko, baina baloiaren jabetza eskuratu zuen eta buru-belarri aritu zen golaren bila, lortu zuen arte. 66. minutuan, Miguelezek Tellecheari pasatu zion baloia eta honen jaurtiketak langan jo zuen. Soroeta prest zegoen bertan, errebotea hartu eta berriz ere saiatzeko eta bigarren honetan berriz ere aitzinetik jartzea lortu zuen taldeak. Soroetak 2-1ekoa ezarri zuen eta hortik aurrera, neurketaren erritmoak ere behera egin zuen. Lasaitasun horretan partidua kontrolpean eduki zuen etxeko taldeak garaipena eskuratzeko. 

Hiru puntu gehiagorekin, Real Union sailkapeneko bostgarren postuan kokatu da, 20 punturekin guztira. Garaipena zaleei eskaini ondotik, bolada positibo honi segida eman nahi dio orain taldeak, heldu den asteaburuan Alaves Bren zelaian edukiko duen neurketan ere puntuak batuz. Partidua igandean ospatuko da, azaroaren 23an, 12:00etan.