Real Unionek garaipenarekin ekin dio urte berriari
Real Unionek 3-0 garaitu zuen, atzo eguerdian Stadium Galen, Ejea taldearen kontra. Garciaren bi golei eta Iradiren bertze bati esker, talde txuribeltzak 2026. urteko lehen hiru puntuak eskuratu zituen eta horrela, denboraldiko lehen itzulia sailkapeneko lehen postuan ere bukatu du, 36 puntu batuta guztira. Lehen itzulia honetan, Ramses Gilen taldeak partidu bakarra galdu du, bertze sei berdindu eta hamar irabazi. Denboraldi hasiera bikaina izan du taldeak eta urte berri honetan ere bolada honi segida ematea izanen da helburu nagusia, Lehen RFEF Mailari begira dagoeneko.
Erritmo biziarekin hasi zen Real Union jokoan, atzo eguerdian Stadium Galen, eta lehen lau minutuetan bi aukera garbi eduki zituen taldeak dagoeneko, biak Mustapharen oinetan. Hala ere, biak desbideratuak joan ziren eta ezin izan zuten markagailua ireki. Taldeak lanean sendo segitu zuen, nahiz eta oraindik ere gola ez zen ailegatu. Hori ikusita, Ejeak kolpea eman zuen mahai gainean eta aukera sortu zuen gola sartzeko, nahiz eta hau ere ez zen sartu beraz, Ramses Gilen taldeak lasaitasunez hartu zituen lehen zatiko azken minutuak. Horrela, atsededenaldira bidean, Unai Garcia erne ibili zen lokaldi batean eta lehen gola sartzea lortu zuen, aldageletara 1-0ekoarekin joateko.
Bigarren zatian, etxeko taldea bigarren golaren bila zelairatu zen eta Soroetak lortu zuen hori, nahiz eta epaileak baliogabetu zuen eskuz eginda izan zelakoan. Txuribeltzek ez zuten amore eman eta helburu berarekin lanean segitu zuten, Garciak bigarren gola sartu zuen arte. De la Matak pase bikaina egin zion hegaleko jokalariari eta honek sare barrura bota zuen zalantzarik egin gabe, 2-0ekoa ezarriz. Garaipena eskuan zutela, erritmoa jeitsi egin zuen etxeko taldeak, nahiz eta oraindik ere penalti bidez hirugarren gola sartzeko aukera eduki zuen. Hau ez zen sartu eta arauzko denbora 2-0ekoarekin bukatu zen. Luzapenean ailegatu zen hirugarren gol hori. Arrutik pase ona egin zion Iradiri eta hau atezainaren aitzinean gelditu zen bakarrik. Baloia jaurti eta hirugarrenez asmatu zuen Real Unionek, behin-betiko garaipena eskuratuz, 3-0eko markagailuarekin.
2026 urteko lehen hiru puntuak eskuratuta, Ramses Gilen taldeak 36 punturekin sailkapeneko lider gisa bukatu du denboraldiko lehen itzulia. Abuztutik hona, talde txuribeltzak hamar partidu irabazi ditu, sei berdindu eta bakarra galdu. Dinamika on honi segida emateko helburua du orain taldeak eta horretarako aukera heldu den asteburuan izanen du. Igandean, urtarrilaren 11n, Tudelano bisitatuko du Real Unionek, 17:30ean, denboraldiko bigarren itzuliari hasiera emateko.