Real Unionek hiru puntu eskuratu zituen Artunduagan

2025/11/10
Laken Torresek sartutako gol bati esker, Baconia garaitu zuen talde txuribeltzak, igande arratsaldean. Atsedenaldira hutsera berdinduta ailegatu ziren bi taldeak, eta 75. minutuan lortu zuten irundarrek aitzinetik jartzea. Hurrengo minutuetan ongi defendatzea egokitu zitzaion Real Unioni eta lanak ongi beteta, bere hortan mantendu zuen markagailua, jardunaldiko hiru puntuak ere poltsikoratuz.
Real Unionek hiru puntu eskuratu zituen Artunduagan
CD Basconia 0
1 Real Union Club

Real Unionek 0-1 garaitu zuen Basconia igande arratsaldean. Etxetik kanpo eskuratu zituen berriz ere hiru puntuak talde txuribeltzak, 75 minutuan Laken Torresek sartutako golari esker. Baconia neurketa berdintzen saiatu zen azken minutuetan, baina ongi defendatu zuten bisitariek eta markagailua bere horretan mantentzea lortu zuten. Hiru puntu gehiagorekin, sailkapeneko zazpigarren postuan kokatu da, 17 punturekin guztira. 

Ideia garbiekin eta garaipena eskuratzeko helburu argiarekin zelairatu zen Real Union Artunduagan. Basconia talde indartsua zuen aitzinean, baina irundarrak ez ziren kikildu eta lehen aukera garbia sortu zuten segidan. Tellecheak baloia jaso zuen arean eta sarera bidali zuen, nahiz eta bertako defentsa batek ongi gelditu aukera. Basconia ere saiatu zen markagailua irekitzen, baina bisitariek presioa egin zuten eta berriz ere aukera sortu zuten. Miguelezek Tellecheari baloia pasatu eta behean jaurti zuen honek. Hala ere, Simone erne ibili zen baloia kornerrera bidaltzeko. Atsedenaldira bidean, Molinak bertze bi aukera sortu zituen. Lehena, burukada bidez, langa gainetik joan zen eta bigarrena, eskuin hankat jaurtirikoa, desbideratua joan zen. Nahiz eta nagusi izan, Real Unionek ezin izan zituen aukerak errematatu eta beraz, 0-0ekoarekin joan ziren bi taldeak atsedenaldira. 

Bigarren zatian, bide beretik zelairatu ziren txuribeltzak. Jokoaren kontrola mantendu zuen Real Unionek, nahiz eta Basconiak ere gehiago trabatu partidua. Edonola ere, lehen aukera berriz ere Ramses Gilen jokalariena izan zen. Unai Garcia saiatu zen orduan, baina baloia sarearen kanpoaldetik joan zen. Bigarren aukeran ordea, markagailuan aitzina hartzea lortu zuen Real Unionek. 75. minutuan, Tellecheak area barruan erdiraketa egin eta Laken Torresek jaso zuen, baloia jaurti eta sare barrura bidaltzeko. 0-1ekoarekin, Union defentsan fin ibili zen neurketa bukaeran eta etxekoek aukerak sortu bazituzten ere, geldiketa onak egin zituen Landerrek, garaipena bere horretan mantenduz. 

Garaipen berri batekin eta hiru puntu gehiagorekin, Real Union sailkapeneko zazpigarren postuan kokatu da, 17 punturekin guztira. Play-offeko postuak puntu bakarrera ditu talde txuribeltzak, eta lidergotza laura. Heldu den asteburuan, azaroaren 16an, Stadium Galen jokatuko du Ramses Gilen taldeak, SD Logroñesen kontra (17:00). 

Haimar Labakaren balorazioa goian.