Real Unionek hiru puntu eskuratu zituen Gernikan

2026/02/09
Talde txuribeltzak 2-3ko markagailuarekin garaitu zuen Gernika, pasa den larunbat arratsaldean. Atsedenaldira bidean aitzindu zen talde bisitaria markagailuan eta bigarren zatiaren hasieran sartu zuen bigarrena. Gernikarren ordea, ez zuten amore eman, eta minutu gutitan emaitza berdintzea lortu zuten. Hala ere, hori iraultzeko gai izan zen berriz ere Real Union eta azkenean, garaipena eskuratuta, hiru puntu gehiagorekin bueltatu zen Irunera.
Real Unionek hiru puntu eskuratu zituen Gernikan
SD Gernika 2
3 Real Union Club
Real Unionek 2-3ko markagailuarekin garaitu zuen Gernika, pasa den larunbat arratsaldean. Irabazten hasi zen talde txuribeltza, 0-2ko markagailuarekin. Hala ere, etxekoek ez zuten amore eman eta, jokaldi gutitan, 2-2koa ezarri zuten, irundarren garaipena kolokan utziz. Txuribeltzak ez zeuden prest puntuak bertan uzteko eta azkenik, hirugarren gol batekin, behin-betiko garaipena lortu zuten, sailkapenera ere hiru puntu gehiago batuz. Aukerarik gabeko lehen zati bat jokatu zuten Gernikak eta Real Unionek. Hala ere, minutuak pasatu ahala, bisitariak izan ziren gehien hurbildu zirenak aurkariaren atera. Horrela, saiatu ondotik, txuribeltzen lehen gola ailegatu zen atsedenaldira bidean. Zehazki, 41. minutuan sartu zuen Tellecheak buruz Fontanen erdiraketa. 0-1ekoarekin hasi zuten beraz, bigarren zatia eta euren nagusitasuna erakutsi zuten segidan irundarrek. Minutu guti behar izan zituzten bigarrena sartzeko, kasu honetan Soroetaren eskutik. 0-2koarekin, hobeak zirela pentsatuz, indarrez segitu zuten jokoan, baina orduan Gernikarrek euren amorrua erakutsi eta emaitza berdintzeko gai izan ziren hurrengo hiru minutuetan. Kolpe latza izan bazen ere, Real Unionek ez zuen amore eman eta Soroetak bere bigarren gola sartu zuen Tellechearen erdiraketa baten ondotik. Taldearen hirugarrena eta azkena izan zen gol hau, garaipenarena alegia. Gernikak ez zuen aukerarik izan hau berdintzeko eta beraz, jardunaldiko hiru puntuak irundarrentzat izan ziren. Horrela, 44 punturekin guztira, lidergotza sendotu du Real Unionek. Heldu den asteburuan, berriz ere etxetik kanpo jokatuko du Ramses Gilen taldeak. Zehazki, Sestao River bisitatuko du igandean, otsailaren 15ean, 17:30ean.