Real Unionek hiru puntu garrantzitsu batu zituen larunbatean etxean
Real Unionek 1-0 irabazi zuen pasa den larunbat arratsaldean Stadium Galen Tarazonaren kontra. Azken minutuetan erabaki zen neurketa, Sergio Benitok, 82. minutuan, sartutako golari esker. Urrezko hiru puntu batu zituen honela talde txuribeltzak sailkapenera, eta jeitsiera postuak utzi zituen. Hala ere, oraindik ez dago ezer erabakita, eta Albert Carbóren taldeak lanean segitu beharko du maila mantentzeko.
Partidu parekatua jokatu zuten Stadium Galen Real Unionek eta Tarazonak. Lehen zatian, bi taldeek izan zituzten markagailuan aurrea hartzeko aukera, baina ez zuten asmatzerik izan. Talde txuribeltzaren aldetik, Joseca Marquez eta Dani Garrido saiatu ziren gola sartzen, baina lehenaren saiakera kornerrera desbideratu zen eta bigarrenarenak, atezainak gelditu zuen. Horrela, hutsera berdinduta joan ziren bi taldeak atsedenaldira.
Bigarren zatian, hirugarren saiakera eduki zuen Real Unionek. Aitor Aranzabek erdiraketa ona eman zion Koldo Obietari eta honek jaurtiketa egin zuen, Yoel Ramirez aurkariaren atezainak ongi gelditu zuena. Hainbertze saiakeren ondotik, eta partidua bukatzeko zortzi minutu bertzerik ez zirela gelditzen, talde txuribeltzaren saria ailegatu zen. Berto Cayargak Sergio Benitori egin zion pasea eta honek baloia sare barrura bidaltzea lortu zuen, behin-betiko 1-0ekoa ezarriz.
Garaipen honekin, Real Unionek 43 puntu batu ditu guztira sailkapenean eta hamahirugarren postuan kokatu da, jeitsieratik aldenduz momentuz. Heldu den igandean, maiatzaren 11n, Zamora bisitatuko du talde txuribeltzak, maila mantentzeko lehian segitzeko.