Real Unionek hiru puntuak eskuratu zituen etxean
Real Unionek sailkapeneko liderra garaitu zuen pasa den larunbatean Stadium Galen. 4-1eko markagailuarekin irabazi zuen talde txuribeltzak Uteboren kontra. Lehen zatian dagoeneko erabakita utzi zuen etxeko taldeak partidua, 3-0eko markagailuarekin. Bigarren zatian, 4-0ekoa ere ezarri zuen eta horrela, guztiz erabakita gelditu zen neurketa. Utebo aldea murrizten saiatu zen gol batekin, baina ez zen nahikoa izan Real Unionen nagusitasuna ezereztatzeko.
Partiduaren hasiera parekatua izan zen eta bi taldeak indarrak neurtuko zituzten lehen minutuetan. Utebok izan zuen lehen aukera garbia, baina Tenak ongi gelditu zuen baloia. Hortik aitzinera, nagusi izan zen Real Union eta markagailuan aitzina hartzeko aukera aprobetxatu zuen. Javi Fontanek aurkariaren defentsa zeharkatu zuen eta galiziarren kontrako penaltia eragin zuen. Unai Garciak egin zuen jaurtiketa eta ez zuen barkatu, 1-0eko emaitza jarriz. Honen ondotik, abisu bat eman zuen talde txuribeltzak eta bigarrenean sartu zuen 2-0ekoa. Tellecheak jokoa nahasi zuen, area barrenean baloi bat berreskuratu ondotik, eta Adan erdiraliak bere atean sartu zuen baloia nahi gabean. Etxeko jokalariak hazi ziren orduan eta hirugarrena sartzeko aukera ere aprobetxatu zuen atsedenaldia baino lehen. Arrutik baloi bikaina berreskuratu zuen eta Garciari pasatu zion berriz ere honek bere bigarren gola egiteko. Atsedenaldira beraz, 3-0ekoarekin ailegatu zen Ramses Gilen taldea.
Bigarren zatian, neurketa ia erabakita bazegoen ere, taldeak norabide bera segitu zuen aurkaria estutzen jarraitzeko. Berreskuratutako bertze baloi bati esker, Tellecheak Arrutiri pasea egin zion, bakarrik zegoela aprobetxatuz, eta honek laugarren gola sartu zuen, 4-0ekoa ezarriz eta Utebori aukerarik gabe utziz. Galiziarrek beraien jokoarekin segitu zuten eta aldea murrizteko gai izan ziren, Suarezek sartutako gol bikain bati esker. Hala ere, ez ziren gai izan dinamika horretan segitzeko eta emaitza iraultzeko beraz, garaipena etxean geratu zen. Azken minutuetan, Unai Garciak penalti bidez bostgarrena sartzeko aukera izan zuen, baina ez zuen asmatu. Horrela beraz, 4-1ekoarekin, garaipena eskuratu zuen Real Unionek etxean, jardunaldiko hiru puntuak ere poltsikoratuz. 24 punturekin guztira, sailkapeneko laugarren postuan kokatu da liderretik bi puntu bakarrera. Hurrengo asteburuan, abenduaren 7an ariko da talde txuribeltza Alfaron, bertako taldearen kontra (17:00).