Real Unionek hirunaka gehitzen segitzen du
2026/03/09
Real Unionek 4-0 garaitu zuen atzo, Stadium Galen, Beasain. Lehen zatian 2-0ekoa ezarri zuen etxeko taldeak, neurketa ia erabakita utzita. Hori guti balitz, bigarren zatian, bertze bi gol lortuz, garaipen zabala lortu zuen Ramses Gilen taldeak. Horrela, sailkapeneko lidergotzan segitzen du talde irundarrak, 56 punturekin guztira, Lehen RFEF Mailara igotzeko helburua ia poltsikoan edukiz.
Real Unionek 4-0 garaitu zuen atzo, Stadium Galen, Beasain. Lehen zatian, Soroetaren eta Arrutiren golei esker, ia erabakita utzi zuen partidua, 2-0eko markagailuarekin. Bigarren zatian, nagusitasuna erakusten segitu zuten eta Louakimak eta Mustaphak sartutako bertze bi golei esker, 4-0ekoarekin irabazi zuen Ramses Gilen taldeak, eta jardunaldiko hiru puntuak batu zituzten sailkapenera. Lidergotzan sendo segitzen du taldeak eta 56 punturekin kokatu da orain, bigarren sailkatua den Deportivo Alaves Bri bederatzi puntu ateraz.
Neurketa maldan gora jarri zen Real Unionentzat lehen minutuetan. Izan ere, Beasain indarrez zelairatu zen eta lehen segunduetan aukera garbi bat eduki zuen markagailua irekitzeko, Jon Tenak ongi gelditu zuena. Hortik aitzinera, talde txuribeltza buru-belarri sartu zen partiduan eta baloia bereganatzen hasi zen, nahiz eta lehen minutuetan aukerak sortzea kosta egin zitzaion. Hala ere, saiakera ugari egin ondotik, 19. minutuan ailegatu zen saria. Jokaldi indibidual bat eginda, Miguelezek sakoneko pase ona eman zion Soroetari eta honek ez zuen hutsik egin, 1-0ekoa lortuz. Honek kemena eman zion etxeko taldeari eta erasora jo zuen hurrengo minutuetan ere, Arrutik bigarren gola lortu zuen arte- Fontanek area barruan egin zuen jokaldi bikaina eta erdiraketa ere egin zion Arrutiri. Azken honek Artetxe gainditu eta 2-0ekoa ezarri zuen atsedenaldira bidean.
Bigarren zatian, partidua ia erabakita bazegoen ere, Real Unionek lanean segitu zuen eta modu erasokor berberean zelairatu zen. Hasieratik izan zituzten margailuko errenta handitzeko aukerak, baina 59. minutuan ailegatu zen hirugarrena, Louakimaren eskutik, Arrutik pasea eman ondotik. Beasain saiatu zen neurketaren norabidea aldatzen, baina ez zuen lortu. Aldiz, Unionek azken kolpea eman zuen eta Sangallik baloi luzea eman eta gero, Mustaphak laugarren eta azken gola eskuratu zuen.
4-0eko markagailuarekin beraz, Real Unionek bertze garaipen bat lortu zuen atzokoan, bere lidergotza are gehiago sendotuz. 56 puntu ditu orain guztira sailkapenean, eta bederatzi puntuko tartea ateratzen dio bigarren postuan dagoen Deportivo Alaves B taldeari. Txuribeltzen hurrengo hitzordua heldu den martxoaren 15ean izanen da, Las Gaunas zelaian, UD L0groñes taldearen kontra (17:00).