Real Unionek lidergotzan bukatu du 2025a
Real Unionek 1-3 garaitu zuen atzo arratsaldean Naxara, urteko azken jardunaldian. Erritmo biziarekin zelairatu zen talde txuribeltza eta segidan argi utzi zion aurkariari garaipena eskuratzeko iritsi zela bertara. Erritmo bizi horrek lehen bost minutuetan eman zituen fruituak, 0-1ekoa eskuratuz. Hala ere, etxekoek ez zeuden amore emateko prest eta markagailua berdindu zuten segidan, atsedenaldirako 1-1koa ezarriz. Bigarren zatian, Real Union indarberritu eta bertze bi gol sartu zituen, neurketa erabakita utziz. Horrela hiru puntu gehiagorekin, lidergotzan bukatu du Ramses Gilen taldeak urtea.
Erritmo biziarekin zelairatu zen atzo Naxaran Real Union eta segidan markagailua irekitzeko gai izan zen gainera. Sangallik erdiraketa egin eta Tellecheak jaso zuen hau, baloia sare barrura sartuz eta 0-1ekoa ezarriz. Etxekoek azkar erantzun zioten honi eta, hamar minutu beranduago, Camposek Tena gainditu zuen berdinketa lortzeko. Hortik aitzinera, erritmo onean jokatu bazuten ere, baloiaren jabetza banatu zuten bi taldeen artean eta aukera guti eduki zituzten ere, 1-1ekoarekin iritsiz atsedenaldira.
Bigarren zatian, nagusitasuna berreskuratu zuen talde txuribeltzak eta, hasieran, aukerarik sortu gabe aritu baziren ere, 72. minutuan berriz ere markagailua euren alde jartzea lortu zuten, Arrutiren bitartez. Naxarak ez zituen besoak jaso, baina ez zen gai izan arriskurik sortzeko beraz, Ramses Gilek taldeak baloiaren jabetza edukitzen segitu zuen, Tellechearen bitartez hirugarren eta azken gola eskuratu zuen arte. Horrela, 1-3koarekin bukatu zen partidua eta jardunaldiko puntuak ere poltsikoratu zituen Real Unionek.
Sailkapeneko liderra izanda bukatu du beraz, Ramses Gilen taldeak urtea, 33 puntu bilduta guztira. Astebeteko atsedenaldia izanen dute orain txuribeltzek eta urtarrilaren 4an jokatuko dute 2026ko lehen jardunaldia, Stadium Galen, Ejearen kontra (12:00).