Real Unionek nagusitasuna erakutsi zuen etxeko zaleen aitzinean
Real Unionek 5-1eko markagailuarekin garaitu zuen atzo, Stadium Galen, Deportivo Aragon. Hasieratik nagusi izan ziren etxekoak eta hiru puntuak ere poltsikoratu zituen, sailkapeneko lidergotza bereganatuz. Lehen minutuetan hartu zuen aitzina Irungo taldeak emaitzan, baina Aragoikoak gai izan ziren neurketa berdintzeko atsedenaldira bidean. Bigarren zatian, gol zaparrada bati esker, txuribeltzek nagusitasuna berreskuratu zuten eta, zaleekin batera, garaipena ospatu ahal izan zuten.
Bertze garaipen bat segidan lortu zuen atzokoan Real Unionek, Deportivo Aragoni 5-1 irabazi ondotik. Neurketaren hasieratik golaren bila zelairatu ziren irundarrak hiru aukera garbi eduki zituzten lehen ordu laurdenean. Hala ere, horietako bakar bat ere ez zen sartu sare barrura. Laugarren abagunean berriz, txuribeltzek ez zuten hutsik egin. Sangalli lehen zutoinera bidali zuen baloia, erdiraketa eginez, eta Juan de la Matak ongi errematatu zuen jaurtiketa, 1-0ekoa ezarriz. Aragoikoak erreakzionatu zuten orduan eta baloiaren jabetza eduki zuten hurrengo minutuetan eta hor lortu zuten neurketa berdintzea, jokaldi arraro batean. Aurkariak jaurtiketa egin eta Lander Emeryk gelditu zuen, baina baloia area barruan solte gelditu zen eta Linaresek aukera aprobetxatu zuen berdinketaren gola egiteko atsedenaldirako.
Bigarren zatian berriz, Real Union sendo zelairatu zen garaipena berreskuratzeko asmo garbiarekin. Segidan lortu zuten bigarren gola etxekoek, bertze lokaldi arraro batean. Unai Garciak erdiraketa egin zuen eta Lakenek buruz errematatu zuen hau, baloia sare barrura sartuz. Epaileak Barranchinari eman zion gola, beraz Deportivo Aragonek bere atean sartu balu bezala markatuta gelditu zen. Horren ondotik, gol zaparrada ailegatu zen Galera. Tellecheak, Iradik eta Mateok gol bana sartu zituzten neurketa bukaera bitarte eta garaipena erabakita gelditu zen Real Unionen alde, 5-1eko behin-betiko markagailuarekin.
Horrela, hiru puntu gehiagorekin, sailkapeneko lidergotzan kokatu da Real Union, 30 punturekin guztira. Bigarren postuan, Sestao dago, 28rekin, eta hirugarren eta laugarrenean Utebo eta Tudelano hurrenez hurren, biak ere 27 punturekin. Txuribeltzen hurrengo hitzordua, eta urteko azkena, heldu den igandean izanen da, La Saleran, Naxararen kontra, 12:00etan. Ramses Gilen taldeak hemen ere garaipena eskuratu nahiko du, gabonetako atsedenaldira lider moduan joateko eta 2026a ere postu horretan kokatuta hasteko.