Real Unionek partiduaren luzapenean lortu zuen garaipena Alfaron
Real Unionek 1-2ko markagailuarekin garaitu zuen Alfaro, pasa den igande arratsaldean. Golik gabeko lehen zati baten ondotik, bigarren zatian jarri zitzaion talde txuribeltzari partidua maldan gora, etxekoek 1-0ekoa ezarri baitzuten Buruscori esker. Sufrituta, baina lanean gogor segituz, emaitzari buelta ematea lortu zuen talde bisitariak, luzapenean Soroetak eta Garciak sartutako gol banarekin. Horrela, jardunaldiko hiru puntuak poltsikoratu zituen Ramses Gilen taldeak, sailkapeneko hirugarren postua igoz, lehen lau postuetan kokatuta dauden talde guztiekin puntuetan berdinduta.
Real Unionek indarrez ekin zion pasa den igandeko partiduari Alfaron. Horren ondorioz, lehen abagune garbia eurena izan zen, Unai Garciak Javier Soroetari egindako pasearekin, baina azken honek kanpora bota zuen. Honen ondotik, erritmoa jeisten joan zen Irungo taldea eta Alfaro berriz, handitzen joan zen. Hala ere, hurrengo aukera bisitariena izan zen, berriz ere Soroetan egindako jaurtiketarekin, nahiz eta hau ere ez zen sartu. Azken minutuetan, nafarrek izan zituzten bi aukera aitzinetik jartzeko, baina kasu horietan ere Jon Tena argi ibili zen arriskua ezerezean uzteko. Golik gabeko lehen zati baten ondotik, hutsera berdinduta hasi zuten partiduaren bigarren zatia.
Idea berarekin zelairatu zen Real Unionen bigarren zatian, baina Alfarok garaipena eskuratu nahi zuela erakutsi zuen segidan. 57. minutuan, korner baten ondoren, Buruscok lehen zutoinera egindako burukada batekin, 1-0ekoa ezarri zuen nafarren alde. Ramses Gil orduan, aldaketak egiten hasi zen emaitza iraultzeko asmoz. Hala ere, etxekoei on egin zien sartutako golak eta bertze bi abagune garbi sortu zituzten, Unionek ongi zapuztu zituenak. Arauzko denbora bukatuta, luzapena ailegatu zen eta beharrak bultzatuta jokatu zituzten txuribeltzek azken minutu hauek. Minutu zoroak izan ziren bi taldeentzat, baina zoriontasun handikoak bisitarientzat. Izan ere, Juan de la Matak pase bikain bat egin Zion Soroetari eta azken honek, hainbat saiakeren ondotik, atean asmatu zuen, 1-1ekoa ezarriz. Jokaldi on honek bultzaturik, erritmo biziarekin jokatzen segitu zuten eta hurrengo jokaldian Garciak bigarrena sartu zuen, garaipena ziurtatuz. Aurkaria denborarik gabe gelditu zen hau konpontzeko eta beraz, jardunaldiko hiru puntuak irundarrentzat izan ziren.
Garaipen honekin, Real Union sailkapeneko hirugarren postura igo da, 27 punturekin guztira, lehen lau postuetan kokatuta dauden taldeekin berdinduta. Heldu den asteburuan, abenduaren 14an, talde txuribeltzak Deportivo Aragon jasoko du etxean, Stadium Galen, 17:00etan.