Real Unionek puntu bat atera zuen Alavesen kontrako partidutik
Real Unionek banako berdinketa erdietsi zuen, atzo eguerdian, Alaves Bren kontrako partiduan. Luzapenean iritsi ziren bi golak, lehena talde gasteiztarrarena. Txuribeltzek amore eman gabe segitu zuten lanean eta azkar erantzuteko gai izan ziren, penalti bidez berdinketa paratuz markagailuan. Horrela bukatu zen neurketa, 1-1, eta puntu garrantzitsua poltsikoratu zuen Ramses Gilen taldeak aurkari zail baten kontra.
Lehen zatian indartsu zelairatu zen Real Union, garaipena eskuratzeko asmo garbiarekin. Lehen aukera ere txuribeltzen eduki zuten, zazpigarren minutuan Juan de la Mataren eskutik, nahiz eta kanpora joan zen jaurtiketa. Hurrengo minutuetan indarrak orekatu zituzten bi taldeek eta, ez batak ez bertzeak ere, ezin izan zituzten abagune garbirik eduki. Ramses Gil lehen aldaketa egitera ere behartua izan zen, Manolo Molinak orkatila mind baitzuen. Horrela, atsedenaldira, 0-0ekoarekin joan ziren bi taldeak.
Aldageletatik bueltan, erritmo biziagoa erakutsi zuten Alavesek eta Real Unionek. Hala ere, lehen aukera berriz ere bisitariena izan zen. Tellecheak are barrenean baloi on bat lapurtu zuen, baina Swiderskik bere jokaldia gelditu zuen. Miguelez berriz ere saiatu zen areaz kanpotik egindako jaurtiketa batekin, baina aurkarien atezainak geldiketa ona egin zuen, aukera bertan behera utziz. Berriz ere Tellechea agertu zen orduan, baina bere jaurtiketa zutoinera joan zen. Unai Garciak ere izan zuen bere aukera, baina berriz ere Swiderskik gelditu zuen gola. Atezainak distira izan zuen minutu horietan, bertze bi geldiketa ere egin baitzituen arauzko denbora bukatu baino lehen, Miguelezen gol olinpikoa batetik eta Mancisidorren burukada bertzetik.
Arauzko denbora beraz, 0-0ekoarekin bukatu zen eta luzapena hasi zen orduan. Alavesek abagune guti sortu zituen 90 minutuz, baina denbora agortzen zela ikusita, proba egin eta Jon Tenaren atean asmatu zuen, 1-0ekoa ezarriz Mañasen eskutik. Kolpe latza izan zen Real Unionentzat, baina ez zuen amore eman eta berdinketaren bila hasi zen. Hiru minutu beranduago, Miguelezek kolpe bat jaso zuen eta epaileak penaltia adierazi zuen. Aukera hau ongi aprobetxatu zuen talde bisitariak eta Miguelezek berak egindako jaurtiketa sare barrura sartu zen, 1-1ekoa lortuz behin-betiko.
Puntuak banatuta, Real Unionek 21 ditu orain guztira sailkapenean eta laugarren postuan kokatu da. Astean zehar, heldu den larunbateko partidua prestatuko du taldeak. Stadium Galen jokatuko dute Ramses Gilen mutilek, Utebo liderraren kontra, 18:00etan. Aurkari gogorra izanen dute aitzinetan, baina talde txuribeltzak dagoeneko erakutsi du etxean, eta etxeko zaleen babesarekin, indartsua dela.