Real Unionek puntu bat eskuratu du etxeko lehen partiduan
Real Unionek Bigarren Federazio mailako bigarren jardunaldia jokatu zuen atzo arratsaldean, Stadium Galen jokatzen zuen denboraldiko lehena. Tudelano taldea jaso zuten horretarako txuribeltzek eta golik gabeko partidua jokatu zuten biek ere. Garaipena eskuratu ezean, etxean puntuak ez galtzea ontzat jo zuen Ramses Gil entrenatzaileak.
Lehen jardunaldian Amorebietaren kontra garaipena eskuratu ondotik, indarrez zelairatu zen Real Union atzo arratsaldean Stadium Galen. Tudelano zuen aitzinean eta hasieratik nagusitasuna bilatuz aritu zen etxeko taldea, indartsuago zegoela ere erakutsiz. Hain zuzen ere, markagailua irekitzeko lehen aukerak txuribeltzenak izan ziren. Laken saiatu zen lehenik eta Hugo Carrillo ondotik, baina biak ere ezerezean gelditu ziren, nafarren defentsa gogorra baitzen ere. Horrela, atsedenaldira hutsera berdinduta ailegatu ziren bi taldeak.
Bigarren taldean, Real Unionek intentsitate eta erritmo bera mantendu zuen eta berriz ere, hurbil eduki zuen gola. Alvaro Mateok burukada batekin jaurti zuen baloia atera, baina langan jo zuen eta beraz, ez zen sartu. Ondotik, Louakima ere saiatu zen taldea markagailuan aurreratzen, urrutitik egindako jaurtiketa batekin, baina Yoelek ongi gelditu zuen baloia. Partidua trabatu egin zen orduan, txartel eta falta ugarirekin, eta Tudelanok aukera aprobetxatu zuen Tenak defendatzen zuen atea zehartzen saiatzeko. Hala ere, irundarra adi ibili zen eta jaurtiketa arriskutsu bat bikain urrundu zuen. Norgehiagokaren azken abagunea txuribeltzena izan zen berriz ere. Unai Garciak arean sortutako zalaparta baliatu nahi izan zuen errematea egiteko, baina berriz ere atezain nafarrak eskuak atera eta erbakigarria izan zitekeen gola sahiestu zuen.
Golik gabeko neurketan beraz, hutsera berdinduta bukatu zuten bi taldeek, eta puntuak banatu zituzten honela. Atzoko partiduaren ondotik, Real Union sailkapeneko zazpigarren postuan kokatu da, lau punturekin guztira. Heldu den larunbatean, irailaren 20an, Stadium Galen jokatuko du berriz ere talde txuribeltzak, Mutilveraren kontra, 19:00etan.