Real Unionek puntu bat eskuratu zuen La Almozara zelaian

2025/10/13
Talde txuribeltzak eta Ebrok hutsera berdinduta bukatu zuten elkarren kontrako partidua. Aukera gutiko neurketa izan zen eta izan ziren abagune urriek ez zuten arrakastarik eduki, ez alde batean ez bertzean ere. Azkenik, berdinketa justu bat izan zen bi taldeentzat eta puntuak ere horrela banatu zituzten. Heldu den asteburuan, etxera bueltatuko da Real Union, Sestaoren kontrako euskal derbia jokatzera.
Real Unionek puntu bat eskuratu zuen La Almozara zelaian
CD Ebro 0
0 Real Union Club

Real Unionek eta Ebrok hutsera berdinduta bukatu zuten elkarren kontrako partidua. Aukera garbirik gabeko neurketa izan zen bi taldeentzat eta saiatu baziren ere, izan zituzten abagune guti horiek ez zuten aterik aurkitu. Joko nahiko parekatua zelairatu zuten bi aldeek eta horre behin-betiko markagailuan izan zuen isla. 0-0eko emaitzarekin, puntuak banatu zituzten eta orain, talde txuribeltzak hamar ditu guztira. 

Lehen zatitik neurketa parekatua atzematzen zen La Almozara zelaian. Ez talde batek, ez bertzeak ere, ez zuen akatsik egin nahi garaipena eskuratu ahal izateko. Horrela, aukera garbirik sortu gabe aritu ziren. Ebrok gola bilatzen zuen indar handiagoz, baina Real Unionen defentsa sendoarekin egiten zuen topo aldiro. Azken minutuetan, bisitariek izan zuten markagailuan aitzina hartzeko aukera, Ignacio Tellecheak egindako burukadarekin. Hala ere, hutsean gelditu zen hau, eta hutsean berdinduta ere joan ziren bi taldeak atsedenaldira. 

Bigarren zatian, talde txuribeltza modu erosoagoan aritu zen zelaian eta aukera gehiago ere sortu zituen. Mecerreyesek urrutitik jaurti zuen lehenik, baina baloia langaren gainetik joan zen. Honek konfiantza eman zion Ramses Gilen taldeari eta abagune gehiago ere sortzeko gai izan zen. Soroeta saiatu zen bertze burukada batekin, baina jaurtiketa desbideratu zen. Gola lortzen ez bazuen ere, talde bisitaria aurkaria estutzen ari zen. Edonola ere, Ebrok ere garaipena nahi zuela erakutsi zuen eta jaurtiketa batekin saiatu zen hau lortzen, nahiz eta langa jo zuen baloi honek. Zalantzak sortu zituen honek irundarren artean, baina bertze hainbat saiakera egin zituen hiru puntuak lortzeko. Hala ere, ez zuen ezer lortu honekin eta behin-betiko emaitza 0-0 izan zen azkenik bi taldeentzat. 

Puntuak banatuta, Real Unionek hamar ditu orain sailkapenean eta hirugarren postuan kokaturik dago. Heldu den larunbatean, urriaren 18an, euskal derbia jokatuko du talde txuribeltzak Stadium Galen. Sestao River jasoko du horretarako, 19:00etan.