Real Unionek puntu bat eskuratu zuen Las Gaunas zelaian

2026/01/26
Talde txuribeltzak hutsera berdindu zuen, pasa den larunbat arratsaldean, SD Logroñes taldearekin. Txartelez betetako partidua izan zen eta aukera garbirik gabekoa. Bigarren zatian nabarmendu zen Union, baina ezin izan zuen atean asmatu, beraz hutsera berdinduta bukatu zuten bi taldeek neurketa, jardunaldiko puntuak ere banatuz.
Real Unionek puntu bat eskuratu zuen Las Gaunas zelaian
SD Logroñes 0
0 Real Union
Real Unionek hutsera berdinduta bukatu zuen SD Logroñesen kontrako partidua, jardunaldiko puntuak banatuz bi taldeen artean. Txartelez betetako partidua izan zen eta aukera garbirik gabekoa. Hala ere, txuribeltzak hobeak izan ziren errioxarrak baino, nahiz eta ezin izan zituzten edukitako aukera guti horiek errematatu. Azkenean, puntua poltsikoratu zuen Ramses Gilen taldeak, lidergotzan segitzeko baliagarria izan zena. Neurketa erritmo biziarekin hasi zen, Real Unionek bere jokoa ezarri nahi baitzuen. Lehen jokaldietako batean, Unai Garciaren kontrako penalti baten arriskua egon zen, baina epaileak ez zuen ezer adierazi beraz, aitzinera segitu zuten bi taldeak jokoan. Bisitariak izan zuten baloiaren jabetza lehen 45 minutu horietan, baina ezin izan ziren SD Logroñesen areara gehiegi hurbildu. Atsedenaldira bidean, joko trabatua erakutsi zuten bi taldeek zelaian, faltak eta etenaldiak nagusituz. Horrela, hutsera ailegatu ziren bi taldeak atsedenaldira, aukera garbirik sortu gabe. Bigarren zatian, txuribeltzek aurrerapausua eman zuten, golaren bila buru-belarri zelairatu baitziren. Hala ere, etenaldiek segitu zuten eta txartel anitz ikusi behar izan zituzten azken 45 minutuetan zehar. Real Unionek bereziki hiru txartel hori eta gorri bat ikusi zituen. Azken honen ondotik ailegatu zen bere aukerarik garbiena. Soroetak errematatu zuen eta Kike Royok ongi gelditu zuen behean, hutsean mantentzeko markagailua. Aldaketak egin zituen orduan Ramses Gilek eta horrek mesede egin zion taldeari, aurkariaren arean jokatu baitzuen ondoko minutuetan. Bi aukera izan zituzten bisitariek, Tellechearen erdiraketa indartsu batekin, baina ez Fontanek ez De la Matak ere ez, ezin izan zuten baloia sarera sartu. Gola sartzeko bertze abagune bat ere izan zuen Real Unionek, baina errioxarren defentsak ongi eragotzi zuen hau. Azken minutuetan, Tellecheak izan zuen azkena, jaurtiketa gurutzatu batekin, baina berriz ere atezainak gelditu eta hutsean utzi zuen bien markagailua, 90 minutuak ailegatzerako. Berdinketa honen ondotik, Real Unionek sailkapeneko lidergotzari eutsi dio, 40 punturekin guztira. Heldu den larunbatean, urtarrilaren 31n, Ramses Gilen jokalariek etxean hartuko dute Deportivo Alaves B (18:00).