Real Unionek Sestao River bisitatuko du gaur Federazio Kopako lehen kanporaketa jokatzeko

2025/08/13
Neurketa Las Llanas zelaian ospatuko da, 19:00etan. Talde txuribeltzak 2025/26 denboraldia hasiko du horrela ofizialki. Azken bi asteetan ongi entrenatu ondotik, Ramses Gil entrenatzaileak dioen bezala, taldea prest dago zelai historiko batera joan eta lehiakorrak izateko.
Real Unionek Sestao River bisitatuko du gaur Federazio Kopako lehen kanporaketa jokatzeko
Barbara Duarte

Real Unionek txapelketa ofizialei hasiera emanen die gaur, abuztuaren 13 honetan, Las Llanas futbol zelai historikoan. Sestao River izanen du aitzinean talde txuribeltzak, Federazio Kopako lehen kanporaketa jokatzeko. Partidua 19:00etan izanen da eta irundarrak prest daude lehiakorrak izateko eta neurketa irabazteko. 

Federazio Kopako lehen kanporaketarekin emanen dio hasiera Real Unionek 2025/26 denboraldiari. Ramses Gil entrenatzaileak jakinarazi duenez, “zortea izan dugu gai izan garelako zenbait talde elkartu eta txapelketa duin bat ateratzeko. Berri ona da hau, izan ere, aurredenboraldiaren barrenean kokatzen da partidu hau eta baliagarria da denboraldiari begira lehiatzeko”. 

Ez da nolanahiko partidua izanen gainera, Sestao River talde historikoa izanen baitute aitzinean txuribeltzek, Las Llanas futbol zelai historikoan ere: “Pedigri handiko neurketa, zelai, talde eta kluba da gaurkoa. Baina gu ere horrelakoak gara. Eszenatoki polita da Las Llanas eta asko exijituko gaitu. Hala ere, pozik nago euren kontra lehiakorrak izaten ahal garelako hil ala biziko partidu honetan. Ilusioz gaude horrelako zelai historiko batera bueltatzeko”. 

Txuribeltzen entrenatzailea pozik dago bere taldearekin ere eta aipatu duenez “azken bi asteetan ongi entrenatu dugu eta jokalariak maila altuan lan egiten ari dira”. Gaineratu duenez, “plantilla oso ona dugu eta mutilek euren bertsiorik onena emateko gai izanen dira hemendik gutxira”. Gil ez da aritu lehen taldeko jokalariez soilik, bigarren taldeko plantilla ere goraipatu du: “Real Unionek duen gisako filial bat duzunean, lehen taldeko dinamikan sartzen dira jokalari horiek, ez soilik behar dituzulako, baizik eta, eta batez ere, ongi funtzionatzen dutelako eta maila ematen dutelako. Epe ertainean, baita laburrean ere, harrobiko futbolariak izanen ditugu lehen taldearekin eta modu jarraia egoteko aukera ere izanen dute seguru”. 

Horrela, konfiantzaz eta ilusioz, Real Unionek aitzin eginen dio gaurko lehen erronkari. Federazio Kopako lehen kanporaketa jokatuko du gaur, 19:00etan, Sestao River taldearen kontra Las Llanas futbol zelaian, eta beraz, 2025/26 denboraldiko txapelketa ofizialari hasiera emanen dio, indarra eta orain arte egindako lana neurtuz.