Real Unionek Tudelanoren kontra hasiko du denboraldiko bigarren itzulia
Real Unionek denboraldiko bigarren itzuliari hasiera emanen dio asteburu honetan, Tudelano taldearen kontrako partiduarekin. Igandean, urtarrilaren 11n, Tuterara bidaiatu beharko du horretarako Ramses Gilen taldeak eta lider gisa eginen du bidaia hori. Lehen itzulia bukatuta, 36 punturekin, Bigarren RFEF Mailako sailkapeneko lehen postuan dago Real Union eta nafarrekin aldea handitzeko aukera paregabea izanen da bertan irabaztea. Izan ere, Tudelano sailkapeneko bigarren postuan dago kokaturik, 31 punturekin guztira.
Ramses Gil pozik dago bere taldeak orain arte erakutsi duen mailarekin: “Emaitzetatik harago balantzea ona da. Errendimendu altua erakutsi dute eta denen erantzuna primerakoa izan da. Lesio guti izan ditugu eta hori ere garrantzitsua izan da. Ilusioz gaude orain eta espero dugu maila bereko bigarren itzulia egin ahal izatea”. Bigarren itzuli horren lehen hitzordua igande honetan izanen du taldeak Tudelanoren kontra. Zaila izanen dela dakite, baina helburua “maila altua” mantentzea izanen da. Gilek aitortu du jakitun direla “momentu okerragoak” heldu daitezkeela, baina bitartean “momentu ona luzatzen saiatuko” dira, “baikorrak izanda, ahalik eta kontzentratuen eta ahalik eta exijenteen”.
Tudelanoren kontrako partidua motibagarria dela ere onartu du entrenatzaileak. Goretti denboraleak eragina izan dezake berdegunean, baina horri aurre egiteko prest azaldu da teknikaria, “gogoz” bere erranetan. Talde nafarra bigarren dago sailkapenean eta etxeko talderik onena da mailako guztien artean. Hau “kasualitatea ez” dela ere azpimarratu du Gilek, “futbolean ongi aritzen baitira jokalariak, jokoa menperatzeko gai, lohipean aritzeko eta denborak kontrolatzeko”. Hala ere, guzti honi aitzin egiteko prest dago Real Union, bere mailarik onena erakusteko, “momentu onenean” heldu baitzaio erronka hau entrenatzaileak dioenez.
Neguko merkatuaren ondotik, taldekide berriak ditu Tudelanok ere eta horrek zalantzan jar dezake Real Unionen maila. Hala ere, irundarrak ez daude kezkaturik eta prest dute Ramses Gilen “gidoi berria” garaipena eskuratu ahal izateko. Plantilla ere prest dago, prestatzaileak 21 jokalari baititu erabilgarri asteburu honetarako, beraz euren eskuetan dagoena landuta, igandean 17:30ean, bertze hiru puntu poltsikorrtzen saiatuko da talde txuribeltza, lidergotzan sendotu ahal izateko.