Suge Trebeak Volley Klubak irabazi du Irundarron Sari berezia

2026/03/17
Irungo Udalak atzo ospatu zuen Ficoban 2025eko hiriko kirolarien ibilbideak aitortzen dituzten sariak. Bertan, aipamen bikoitza izan zuen Suge Trebeak Volley Klubak, klub onenaren saria irabaztez gain, Irundarron Sari berezia ere eskuratu zuelako. Honez gain, Oier Diaz eta Esther Aristieta izan ziren kirolari onenak eta Marisol Martinezek irabazi zuen Txokolatezko Baloia. Eki Fanlo, Ana Carcamo, Jose Antonio Gomez de Arriba, Javier Gonzalez eta Sergio Francisco ere omenduak izan ziren, Zuhaitz Gurrutxagak aurkeztu zuen ekitaldian.
Suge Trebeak Volley Klubak irabazi du Irundarron Sari berezia
Irungo Udalak Irungo Kirol Gala ospatu zuen atzo, martxoaren 16an, Ficoban. 2025eko hiriko kirolarien ibilbideak omentzen dituzten sariak dira eta aurtengoan, Suge Trebeak Volley Kluba, Oier Diaz, Esther Aristieta, Marisol Martinez, Eki Fanlo, Ana Carcamo, Jose Antonio Gomez de Arriba, Javier Gonzalez eta Sergio Francisco izan ziren aipamen bat edo bertze izan zutenak. Lepo bete zen atzokoan Ficobako auditorioa Irungo kirolarien emaitzak omentzeko asmoz. Irungo Kirol Galak hori du helburua, hiriko klub eta kirolari desberdinak bildu eta urtean zehar horiek lortutako garaipenak aitortzea. Aurtengoan aurkezle berezia izan zuen ekitaldiak, Zuhaitz Gurrutxaga Realeko jokalari ohiak eta bakarrizketalariak egin baitzuen lan ona. Berak aurkeztu zituen sari eta omenaldi guztiak eta horietako lehena Klub onenaren saria izan zen. Suge Trebeak Volley Klubari eman zion Udalak saria, hiriko 200 neska biltzen dituen klubari hain zuzen ere. Gizonezko onenaren saria berriz, Oier Diaz piraguistak eraman zuen, ur azkarretako junio mailako Mundialean lau domina eskuratzeagatik. Diaz berak ezin izan zuen bildu saria, Seu d´Urgellen baitago konzentraturik, nahiz eta bideodeiez ekitaldian egoteko aukera izan zuen. Emakumeetan berriz, Esther Aristieta izan zen irabazlea, 68 urterekin, Artikoan egindako piragua, trekking eta nabigazio espedizio batean parte hartu duelako. Txokolatezko Baloia izan zen banatu zen hurrengo saria, arratseko bertze aitortza garrantzitsu bat, ibilbide oso bat omentzen duena. Kasu honetan, Marisol Martinezek lortu zuen sari hau, 70. hamarkadaren bukaeran, Sellako jeitsieran bitan irabazi zuelako eta Donostia-Behobiak ere hogeita hamar bat aldiz parte hartu duelako. Gaur egun, Dunboa Eguzki klubean dabil Martinez boluntariotza lanean. Bertzelako aitortzen artean, Irungo Udalak Eki Fanlo errugbi epailea, Ana Carcamo distantzia luzetako korrikalaria, Jose Antonio Gomez de Arriba BATeko korrikalaria, Javier Gonzalez korrikalaria eta Sergio Francisco entrenatzailearen izenak nabarmendu ziren ekitaldian. Bukatzeko, Irundarron Sari berezia banatu zuten eta hau ere Suge Trebeak Volley Klubarentzat izan zen, arrats berean garaipen bikoitza bilduz.