Superkopa Iberikoaren titulua jokoan izanen du Irudek Bidasoa Irunek denboraldia hasteko

2026/09/02
ASOBAL Liga hasi baino lehen, 2026/27 denboraldiko lehen titulia izanen dut jokoan Irudek Bidasoa Irunek asteburu honetan. Izan ere, irailaren 4an eta 5ean, Superkopa Iberikoa ospatuko da Vigon, Espainiako eta Portugalgo ligak jokatzen dituzten bina taldearen artean. Ortziralean finalerdiak jokatuko dira. 17:45ean jokatuko da lehen partida, Barça eta Portoren artekoa eta 20.00etan berriz, Bidasoa eta Sporting-en norgehiagoka izanen da. Finala berriz, larunbatean 20:30ean ospatuko da.
Superkopa Iberikoaren titulua jokoan izanen du Irudek Bidasoa Irunek denboraldia hasteko
Irudek Bidasoa Irunek asteburuan emanen dio hasiera 2026/27 denboraldiari, urteko lehen titulua jokoan izanen duelarik. Superkopa Iberikoan hartuko du parte talde bidasotarrak aurten, Espainiako eta Portugalgo ligak jokatzen dituzten bina talde aurrez aurre jartzen dituen txapelketan. Alex Mozasen taldeak debuta eginen du lehiaketa honetan eta aurredenboraldia borobiltzeko azterketa ederra izanen da, Champions Leagueko aurkariak izanen baitu aitzinean. Bidasoaren lehen erronka Sporting gainditzea izanen da, ortziralean (irailaren 4an), jokatuko den finalerdian. Hori eginda, Barça edo Porto izan ditzake finalean esperoan. Irailaren 4an eta 5ean ospatuko da Superkopa Iberikoa Vigon, bertako ferietarako prestatuko esparruan, Ifevin. Bidasoak debuta eginen du bertan, eta aurredenboraldia prestatzeko azterketa ezin hobea izanen da, bera baino maila bat gorago dauden taldeen kontra aritzeko aukera izanen baitu. “Iaz Europako sailkatzea prestatu behar genuen aurredenboraldian eta presa genuen. Aurten berriz, prestakuntzari dagokionez hasieratik genituen helburuak lortu ditugu eta beheratik gorako bilakaera bat izan dugu. Aurredenboraldia borobiltzeko, oraindik inoiz erdietsi ez dugun titulu hau dugu jokoan eta ilusioz gaude. Europako lauzpabost talde onenen kontra arituko gara eta pozik nago”, dio Alex Mozas entrenatzaileak. Ortziralean, irailaren 4an, txapelketako finaleridak jokatuko dira. Lehenik, 17:45ean, Barça eta Porto izanen dira aurrez aurre. Ondotik, 20:00etan, Bidasoa eta Sporting. Azken talde hau Europako erreferentziazko jokamoldea duela aitortu du Mozasek: “Niretzat, jokamolde aldetik, Europako erreferentzia da. Ez soilik eskubaloiari dagokionez, baizik eta duten grinari begira. Intentsitate handia erakusten du eta ekintza denak ospatzen dituzte. Jokalariek gogoa dute eta nabaritzen da. Oso talde osoa da, baina deigarriena beraien lehiatzeko modua eta duten gosea da”. Honen aitzinean, Bidasoa ilusioz dago eta argi ditu baita ere zeintzuk izan daitezkeen aurkaria garaitzeko gakoak: “Lehiakorrak izanen gara seguru. Inoiz ez gara horrelako txapelketa batean egon, batez ere ez garelako faboritoak oraingo honetan. Hala ere, ez gara denbora pasa joanen, zailtasunei aitzin egiten saiatuko gara. Gakoa partiduaren lehen 15 minutuetan egonen da. Hor lortzen dute beraiek abantaila eta eroso sentitzen hasten diren momentua da. Lehen ordu laurdenean borrokan ibiliko gara eta gero, gure eskubaloia erakutsiko dugu, azken hilabete eta erdian landu duguna. Beldurrik gabe joanen gara, baina jakinda oso onak direla”. Sporting gaindituz gero, larunbatean, finala jokatzeko aukera izanen luke Bidasoak, 20:30ean. Bidean gelditzen bada ere, hirugarren posturako lehia izanen da egun berean, 16:00etan. Partidu honen eta finalaren artean gainera, Espainiako Superkopa jokatuko da 18:15ean. Super Amara Bera Bera izanen da lehian bertan, Rocasa Gran Canariaren kontra. Prestatzailearentzat “aurrendeboraldia borobiltzeko aukera ezin hobea” da asteburuko txapelketa, maila handiko aurkarien kontra izanen baita. ASOBAL Liga prestatzeko azterketa ederra ere badela aitortu du, Bidasoara ailegatu zenean lortu nahi zuena aurtengo denboraldian hurbil duela ikusten baitu Mozasek.