Unai Amiano 4 1/2ko finalerako txartelaren bila joanen da gaur bigarrenez

2026/11/06
Pilotari irundarrak Rekalderen kontra jokatuko du gaur, Idiazabalen, B Serieko 4 1/2ko Eusko Label Txapelketako finalerdia. Profesionala denetik, bigarrenez dago Amiano lehiaketa honen finalaren atarikoan eta eta bigarrenez nahiko du Irungo Uranzu frontoian jokatuko den finalean egon. Finalerdiko partida gainera, Kurpil Kirolak elkarteak bihar eskainiko dion omenaldiaren aitzinetik ospatuko da.
Unai Amiano 4 1/2ko finalerako txartelaren bila joanen da gaur bigarrenez
Iñaki Porto
Unai Amiano pilotari irundarrak B Serieko 4 1/2ko Eusko Label Txapelketako finalerdia jokatuko du gaur, Idiazabalgo Igarondo frontoian (21:00), Rekalderen kontra. Bigarren finalerdian berriz, Zubizarreta III.a eta Zubizarreta IV. Izanen dira aurrez aurre, eta bi partida hauetako irabazleek heldu den larunbatean, azaroaren 14an, jokatuko dute txapelketa honetako finala, Irungo Uranzu frontoian. Hirugarren partidan Peña II.a eta Ugartemendia, Salaberria eta Aldaberen kontra arituko dira. Profesionala denetik, bigarrenez ailegatu da Unai Amiano 4 1/2ko txapelketaren finalerdietara. Iaz, Uranzu frontoian jokatu zuen finala eta txapeldunorde suertatu zen bertan, Senarren kontra galdu ondotik. Aurten arantza hori kendu nahiko du Amianok eta bide onean ari da. Gaurko finalerdia gaindituz gero, azaroaren 14an izanen baitu aukera, berriz ere etxean, txapelketa honetako finala jokatzeko. 2025eko irailaren 19an Uranzun debuta egin zuenetik, jokoan izan duen hirugarren txapela izan daiteke hau, poltsikoratzen duen bigarrena. Partida garrantzitsu hau, bihar (azaroaren 7an), Kurpil Kirolak elkarteak pilotari profesionalari eginen dion omenaldiaren atarikoa izanen da gainera. Elkarteak Amianoren ibilbidea goraipatu nahi du honekin, Unai Sagarzazu hiriko bertze pilotariak Munduko Txapelketan izan duen ibilbidearekin batera.