Unai Amiano irundarra 4 1/2 Txapelketako finalerdietara sailkatu da

2025/10/29
Pasa den larunbatean, urriaren 25ean, Tolosako Beotibar frontoian, Egiguren V.a garaitu zuen Amianok, 22-15eko markagailuarekin. Horren ondotik, pilotari irundarra 4 1/2 Txapelketako B serieko finalerdietara sailkatu da. Rekalderen kontra jokatuko du orain finalerdia, urriaren 31n, 21:15ean, Diman. Senar eta Muruak jokatuko dute bertze finalerdia. Finala berriz, Irunen jokatuko da, Uranzu pilotalekuan, azaroaren 8an.
Unai Amiano irundarra 4 1/2 Txapelketako finalerdietara sailkatu da
Baiko

Unai Amiano irundarrak ezin hobe hasi du bere profesional ibilbidea. Azken hilabetean 4 1/2 Txapelketako B seriean ari da jokatzen pilotaria eta aitzinera pausuak eman ditu, finalerdietara ailegatu arte. Pasa den urriaren 25ean, Tolosako Beotibar frontoian, lortu zuen Egiguren V.a garaitzea, 22-15eko markagailuarekin eta horren ondorioz, lehiaketaren finalerdietara sailkatu zen Amiano. 48 minutuko iraupena izan zuen partidak, 269 pilotakadarekin. Irundarrak 13 tanto egin zituen eta 4 galdu. Egigurenek aldiz, 11 tanto egin zituen eta 9 galdu. 

Honen ondotik, ortzirale honetan, urriaren 31n, jokatuko du Amianok finalerdia, Rekalderen kontra. 21:15ean hasiko da partida, Diman. Bertze finalerdia, azaroaren 3an ospatuko da, Tolosako Beotibarren, 17:00etan. Senar eta Muruaren artekoa izanen da eta hor erabakiko dira txapelketaren bi finalistak zeintzuk izanen diren. Finala berriz, azaroaren 8an izanen da, Irungo Uranzu frontoian (17:30). Unai Amianok pilotaleku berean egin zuen debuta pasa den irailaren 19an eta orain, final bat jokatzeko aukera izan dezake etxeko eszenatoki berezian.