Unai Amianok uztailaren 1eko pilota jaialdiko partida nagusian jokatuko du

2026/06/12
San Pedro eta San Martzial besten barreneko azken eguneko pilota jaialdia aurkeztu zuten atzo Uranzu frontoian. Zaleek gogoz espero duten hitzordua izaten da uztailaren 1ekoa, baina aurtengoan bereziagoa izanen da, partida nagusian Unai Amiano irundarrak jokatuko duelako. B serieko Buruz Buruko txapelduna izan ondotik. Mariezkurrena II.arekin eginen du bikote eta, aitzinean, Dario edo Ezkurdia eta Martija izanen ditu.
Unai Amianok uztailaren 1eko pilota jaialdiko partida nagusian jokatuko du
Uztailaren 1eko pilota jaialdia aurkeztu zuten atzo Uranzu frontoian, Borja Olazabal Irungo udaleko kirol zinegotziak, Unai Iglesias Baiko enpresako gerenteak eta Luis Fernandez Kurpil Kirolak elkarteko presidenteak. Unai Amiano pilotaria ere bertan izan zen, bera izanen baita aurtengo jaialdiko partida nagusiko protagonista. B serieko Buruz Buruko txapelduna izan ondotik, irundarrak bortzgarren aldiz jokatuko du etxeko pilotalekuan, oraingo honetan txikitatik ezagutu duen herriko pilota jaialdi handian. Unai Amianok 2025eko irailaren 19an egin zuen profesionaletan debuta Uranzu frontoian. Geroztik, bertzeak bertze, 4 1/2ko finala eta B serieko Buruz Buruko finalerdia jokatuko ditu eszenatoki berean. Oraingo honetan, berriz ere etxeko frontoira bueltatuko da uztailaren 1eko pilota jaialdi handian parte hartzeko. Irundarrarentzat “poz ederra” da bertan egotea: “Txikitatik ikustera etorri naiz eta pilotari handiak ikusi ditut. Orain niri tokatzen zait eta pozik nago”. Amianok eguneko partida nagusian jokatuko du, B serieko Buruz Buruko txapelduna izan ondotik eta Mariezkurrena II.a izanen du lagun. Euren kontra Dario edo Ezkurdia arituko dira, Martijarekin bikote eginez. Partida honen aitzinean, irundarrak “gogorra, baina jokatzeko polita” izanen dela aurreikusten du, nahiz eta “asko disfrutatuko” duen eta “egun polita izango” den berarentzat. Ez da gutxiagorako ere, uztailaren 1ean pilotazale guztiak batzen baitira Uranzu frontoian, sarrera guztiak agortuz. Aurtengoan, pilotalekua oraindik ere lehenago beteko dutela espero da, punta-punta dagoen herriko pilota gazteaz gozatzeko asmoz. Unai Iglesias Baiko enpresako gerenteak azpimarratu duenez “jaialdi handi bat izango da, egutegian gorriz markatua dagoena”. Gaineratu du “Unai Amianorentzat ongi merezitako saria” dela partida handi hau jokatzea, eta aitzindu du “datorren urtean lehen mailako txapelketan izango” dela Amiano, egin duen denboraldiagatik eta irabazitako txapelagatik. Borja Olazabal Irungo kirol zinegotziak ere aipatu du “jaiei bukaera perfektua” emateko aukera dela irundar guztientzat. Iglesiasen aitortza horrekin batera, Amianok ere onartu du profesional mailan egin duen lehen urte onetan izan dituen aukerak ongi aprobetxatu dituela: “Urte nahiko txukuna egin dut. Behin debutatuta, pausuak uste baino hobe eman ditut. Lehenengo urtean hain ongi ibiliko zarenik ez duzu inoiz pentsatzen eta horrek ere segida bat behar du. Segida hori izateko aukera ematen ari didate hau bezalako partidak jokatzearekin eta bi aldeetatik aukera horiek edukitzea garrantzitsua da. Aukerak edukitzen ari naiz eta aprobetxatzen saiatzen ari naiz”. Aukera gainera, etxeko frontoian jokatzea denean, are gusturago hartzen du batek hori eta horrela uste du Amianok ere, “polita eta eskertzekoa” dela Irunen ospatuko den jaialdiaren gisako batean protagonista izatea. Sarrerak dagoeneko salgai daude entradasfronton.com webgunearen bitartez, 25 edo 30 euroen truke. Egunean bertan ere, frontoiko txarteldegian salduko dira, jaialdia hasi baino ordubete lehenago, betiere aurretik online bidez agortzen ez badira.