Xabat Olaizolak irabazi du Gipuzkoako Pentatloi Txapelketa

2025/08/11
Eskubaloi jokalari ohiak, bero sapa ikaragarriarekin, garaipen ederra eskuratu zuen Urdanibia Plazan ospatu zen lehiaketa, Euskal Jaiaren barrenean. 100 kiloko harriarekin hogei altxaldi, 400 kiloko harria bi plazan errestan eraman, aizkoran 45 hazbeteko bi enbor puskatu, 50 kiloko bi txingekin lau plaza osatu eta korrika bi kilometro egin ondotik, 26:10 minutuko denborarekin irabazlea izan zen zarauztarra.
Xabat Olaizolak irabazi du Gipuzkoako Pentatloi Txapelketa

Euskal Jaiaren barrenean, aurten ere, Gipuzkoako Pentatloi Txapelketa ospatu zen Irungo Urdanibia Plazan atzo goizean, abuztuaren 10ean. Beñat Telleria, Ander Altuna eta Xabat Olaizola aritu ziren lehian, nor baino nor, eta azken honek eraman zuen azkenik garaipena, 26:10 minutuko denboran osatuta lan guztia: harria jasotzen, 100 kiloko harriari hogei altxaldi; giza proban, 400 kiloko harriarekin bi plaza; aizkoran, 45 hazbeteko bi enbor puskatu; txingekin, 50 kiloko birekin lau plaza; eta korrika, bi kilometro. 

Lehiaketaz gain, bi erakustaldi ere egin zituzten herri kirolariek. emakumeetan, Jone Uria, Nerea Arruti, Ane Urresti eta Malen Barrenetxea aritu ziren lanean, 55 kiloko harria hamar aldiz altxaz, 250 kilokoarekin plaza bat osatuz, 45 hazbeteko enbor bat puskatuz, 25 kiloko bi txingekin lau plaza eginez eta korrika kilometro bat osatuz. Gizonetan berriz, Jakes Iruretagoiena eta Jon Zaldua aritu ziren lehian. Hauek 60 kiloko harria zortzi aldiz jaso zuten, 250 kilokoarekin plaza bat osatu zuten, 45 hazbeteko enbor bat puskatu zuten, 25 kiloko txingekin lau plaza osatu zituzten eta azkenik, lasterketa ere kilometro bat egin zuten.